"Ez da erasorik egongo erantzunik gabe"

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Zubillaga 2016ko api. 14a, 20:43

11 eraso, 12 erantzun. Feministok Prest!” lelopean 12.000 emakumek hartu zituzten Gasteizko kaleak aurreko larunbatean. Egun historikoa Euskal Herriko feministontzat. Emakume taldeok saretzeko eguna. Indarrak batzeko eguna. Elkarrekin ekiteko eguna.

Erasotzailea jango dugula erakusteko eguna. Patatekin. Ez dugu eta lodi-fobiarik. Kapitalismoak hiltzen gaituelako, patatekin jango dugu lehertu arte. Zuen paretak zikinduko ditugu eta zuen burua garbitzea beste irtenbiderik ez duzue izango.

Arrazakeriari aurka egiteko eguna. Emakume beltzak, marokoarrak eta errefuxiatuak bizi dutenaz kontziente garelako. Emakume izateagatik opresio egoera bizi dugula dakigu. Baina emakume zuri naizen bezala, kontziente naiz zuriak ez diren emakumeekiko pribilegioak ditudala.

Hetero-arauei aurka egiteko eguna. Hetero-arauek esaten digutelako zerk busti behar gaituen, baita nor maitatu behar dugun ere. Lesbianismoari lotutako topikoek nazkatuta gaituztelako. Heterosexualitatea eta homosexualitatea ez direlako sexualitatea bizitzeko modu bakarrak.

Genero binarismoari aurka egiteko eguna. Zakila duena gizona, alua duena emakumea. Ez. Organo sexualek ez dutelako gure generoa definitzen. Genero rolak binarismo horretan oinarritzen direlako. Eta komun komunak ez direlako ezerezetik sortutako erokeria.

Indarkeria matxisten aurkako eguna. Pluralean. Indarkeria matxista ez delako bakarra. Feminizidioak icebergaren punta dira. Indarkeria matxistak agerian utzi behar ditugu. Gizartearen garapen motelarekin batera, aldatu da indarkeria matxista kontzeptua. Egun indarkeria matxistak hain errotuta ditugu, betaurreko moreekin ez bada, ez garela ikusteko gai ere.

Emakumeok ahalduntzeko eguna. Gaua, kaleak eta espazio publikoa badira gureak ere. Emakumeok espazio publikoa erabiltzeak ez duelako esan nahi emakume publiko bihurtzen gaituenik. Kalea delako publikoa eta ez gu, zure lizunkeriei hortzak erakutsiko dizkiegu.

Historikoa izan da emakumeon parte-hartzea, feministon inplikazioa eta belaunaldi berrien presentzia. Argi dugulako patriarkatuarekin amaitzea ez dela utopia. Belaunaldi berriak batu, saretu eta formatu gara. Inoiz baino indartsuago gatoz. Gure bidea eta helburua argi ditugu. Ez da erasorik egongo erantzunik gabe. Gora borroka feminista!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!