Nor da antisistema?

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Zubillaga 2016ko mar. 10a, 20:39

Maialen Zubillagak eginiko hausnarketa, Kale kantoitik: "Zein erosoa den zintzoa izatea. Legearekin betetzea. Beti. Politikarien esku uztea gizartea.

Eta gu, gurean. Beraiek dira eta gizartea nola aurrera atera dakitenak. Legeak eginez gaiztoak direnei zigortzeko. Eta zintzoak garenoi babesteko. Baina badira gizartean talde batzuk, mugimendu batzuk, beti borrokan direnak. Zergatik ez dira lasaitzen? Ez gaude hain gaizki. Beti berdin dabiltza. Noizbait entzun dut antisistemak direla. Protestak, manifestazioak, kontzentrazioak, pankartak, pintadak. Beti molestatzen.

”Baina zer uste duzue? Emakumeon boto eskubidea protestarik gabe lortu zela? Egungo lan baldintzak langileen borrokarik gabe lortu zirela? Osasun publikoa izan dezagun borrokarik ez zela egon? Hezkuntza publikoa dugula gure aitzindarien oihurik gabe? Familien etxegabetzeak okupaziorik gabe geratu direla? Zuk dituzun eskubideak kaleak hartu gabe lortu direla? Egun zuk duzun bizi-maila izateko atxilotuak eta erailiak ez direla egon? Galdetu 1976ko martxoaren 3an Gasteizen hil zituzten langileen familiei, ikertu zergatik den martxoak 8 Emakumeon Nazioarteko Eguna. Jai genuen guregatik borroka egin zuten guzti horiek gabe. Eta jai izango dute hurrengoek guk estatuaren eskutan uzten badugu gizartea.

Antisistema erabili izan da gizartea aldatu nahi duen pertsona definitzeko; hau da, egun ezarrita dagoen sistema sozialaren edo politikoaren aurka egiten duena. Baina, egun, NOR DA ANTISISTEMA?

Gobernuan daudenek erreformen bidez lan baldintzak okertzen dituzte eta langileak kaleratzea merkatzen dute. Murrizketak egiten dituzte arlo publikoan eta horrela, zerbitzu publikoen kalitatea okertzen dute. Eta hori gutxi balitz, pribatizazioa dute arazo ekonomikoen irtenbide. Zerbitzu publikoak, horien artean, bankuak, hezkuntza eta ospitaleak PRIBATIZATUZ, ESTATUA ZATIKA SALTZEN DUTE. Zer esan nahi dut honekin? Egungo sistema sozialaren eta politikoaren aurka egiten dutela. Hortaz, nor da antisistema?

Lehen kolore urdina dutenak ziren honen guztiaren erantzule. Egun, kolore laranja dute eskutik. Eta arriskutsuagoa dena, arrosa gorriak oparitzen dituzten horiek, sozialisten maskarak jantzita baliabide sozialak saltzen dituztenak ekonomia neoliberalekin, horiek ere, honen guztiaren erantzule dira. Baita, kasu askotan, “Gora Euskadi!” dioten horiek.

Jai dugu estatuaren antisistemei ez badiegu aurre egiten. Gure eskubideak zapaltzen dituzten bitartean; gure gizartea zulo beltzera daramaten bitartean beraiek izango dira antisistemak. Guk bitartean, etxean, kalean edo ahal dugun tokian politika soziala egingo dugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!