Emanaldia 12:00etan hasiko da Leidor Aretoan, baina aurrez, eguna girotze aldera, kalejira egingo du Tolosako Musika Bandak 11:00etatik aurrera.
Kontzertuan lau taldek hartuko dute parte. Giro Arte Dultzaina taldea izango da oholtzara igotzen lehena, eta Iñaki Salbadorren zuzendaritzapean bi kantu eskainiko dituzte: Jota eta Hertzainak.
Ondoren Tolosako Udal Txistulari Bandak beste bi kantu eskainiko ditu, Jose Inazio Ansorenaren Deika eta Labirulena. Ion Garmendia Anfurrutia izango da zuzendari lanetan.
Akordeoien txanda izango da ondoren. Isidro Larrañaga Akordeoi Orkestrak, Isitxoren zuzendaritzapean, Inar Sastrek moldatutako Xalbadorren heriotzean eta Txoriak Txori abestiak joko ditu, lehenengo, eta Ghost Love Score izeneko kantuarekin amaituko du bere tartea.
Amaitzeko, Tolosako Musika Bandak eskainiko du emankizuna. Eta horretarako, orain arte jo ez dituen hiru kantu aukeratu ditu Enrike Arostegi zuzendariak, alegia, bandak lehen aldiz joko ditu hiru kantuak: Sedona, Fantasy Variations eta Sir Duke.