Inauteriak ofizialki hasi baino lehen, baditugu urtero bezala galdu ezin diren zenbait zita. Lehena, urtarrilaren 28an izango da, 11:30ean, Txistulariekin batera, Iurramendi Egoitzara gerturatuko gara, inauterietako kantuak aitzaki jai giroa zabaltzera.
Ondoren, otsailaren 4an, tolosarrentzat kutsu berezia duen Inauteri aurreko pregoi kontzertua eskainiko dugu Berdura Plazan. Eguerdiko 12:15ean izango da, txistulari bandaren laguntzarekin. Beraz, ajea pasatzeko aitzakia bila bazabiltzate, aurreko gaueko kalderero jantziak txukun gorde eta inguratu berdura plazara!
Pregoi kontzertua amaitu eta inauteri gogo biziz joan ohi gara etxera gerturatutako guztiak. Lasai egon, bizpahiru egunetan festak ez baitu etenik izango! Tolosako Musika Bandak, txarangek bezalaxe, baditu bereak diren bi une inauteri hauetan. Zaldunita bezpera arratsaldeko 19:00etan, Tolosako Danborradarekin egingo dugu bat; ohartu dadila herria danbor hotsez gerturatu direla mozorroz eta musikaz betetako jai egunak!
Eta azkenik, Zaldunita egunean, goizeko 8etan, Tolosar askorentzat inauterietako ekitaldi nagusia bilakatu dena: Diana. Gorriti Plazatik abiatuta, alde zaharreko kale guztiak zeharkatuko ditugu, herritarrak ohetik umorez jaiki daitezen. Egia da, urteren batean ia 100 aldiz jotzera iritsi garela "Diana" pieza; musikariei zor zaien errespetua nagusi bada, 110 aldiz jotzeko gai izango gara; badakigu festa giroa denentzat beharrezkoa dela, horregatik, kontuan izan aurre eta atzera ibiltzerako garaian auspoa astintzen arituko diren musikariak ere tartean izango direla!
Gure partetik besterik ez, hori izango da gure inauteritako eginkizuna! Txarangetan edo konpartsetan ikusiko gaituzue, instrumentuak gora eta behera, musika aitzaki Tolosako Inauteriei zuku guztia atera nahian!
Ondo pasa!