Pasodoble kontzertua

Erabiltzailearen aurpegia Tolosako Musika Banda 2017ko ekainaren 1a

Ostiral honetan, ekainak 2, Tolosako Musika Bandak pasodobleei buruzko kontzertu berezi bat eskainiko du iluntzeko 20:00etan Berdura plazan. Musika Bandak egiten dituen emanaldietan, gehienetan, pasodoble batekin eman izan ohi dio hasiera kontzertuari, baina oraingo honetan pasodoblea bera izango da emanaldiaren ardatz eta protagonista.

Entzuleriak oro har pasodoble hitza entzutean, zezenen munduarekin lotzen du zuzenean. Eta egia da baduela zerikusia. Izan ere gehien ezagutzen ditugun pasodobleak zezenketetan jotakoak dira, hauetako asko zezen munduan garrantzitsuak izan diren toreatzaileei eskainitakoak gainera. Orain dela urte batzuk, Tolosako Musika Bandak ere herriko zezen plazan izaten ziren zezenketetan jotzen zituen abesti hauek.

Oraingoan musika genero hau kalera ateratzea pentsatu dugu, inguratuko den jende guztiak entzuteko eta gozatzeko aukera izan dezan. Musika genero zabala denez, mota askotakoak entzungo ditugu. Adibidez, kalejira kutsua dutenak.

Izan ere, pasodoblearen jatorria kalejiretan dago berez. Arrazoi honengatik, mota honetako asko daude. Baina ez dira zezenketa eta kalejira saileko pasodobleak Bandak Berdura plazan eskainiko dituen bakarrak. Beste hauek ere egongo dira egitarauan: dantzarako sortutakoak, kontzertu estilokoak...

Ikus daitekeen bezala, aukera aparta eskaintzen digu Musika Bandak ostiral arratsalderako. Gonbidatuta zaudete denok herriko Musika Bandak eskainiko duen emanaldi berezi honetaz gozatzera. Hurbildu zaitezte, elkarrekin une paregabea igaroko dugu eta!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!