Ostiralean, 20:00etan, eta urtero bezala, Tolosako Musika Bandak Santa Zezilia (musikari, poeta eta itsuen eguna) ospatzeko kalejira burutuko du alde zaharreko kaleetan barrena. Gorriti plazan hasiko da ordubete inguruko iraupena izango duen kalejira, Korreo kalea, Berdura plaza, Kale Nagusia, Plaza Zaharra, Solana kalea, Atari kalea, Arostegieta kalea eta Plaza Berritik igaroz.
Igandean, Santa Zeziliako kontzertu anitza Leidor aretoan
Igandean, berriz, eguerdiko 12:00etan, Tolosako Musika Bandak urtero antolatu ohi duen Santa Zezilia Kontzertua izango da entzungai Leidor aretoan (sarrera doan) . Bertan Tolosako hainbat musika taldek parte hartuko dute, hala nola, Musika Eskolako Akordeoi Orkestra (Zuzendaria:Koldo Tarragona Momblona / `Marche des accordeonistes´- Ch.Demaele, `My Hearth will go on´-James Horner eta `Au Bal des Amoreux´- A.Mussichini et C. Savoie) , Musika Eskolako Dultzaina Taldea (Zuzendaria: Joxe Manuel Agirre Arostegi/ `Erraldoi baltsa´- Perez Anaiak, `Erraldoi eta Buruhandiak´- Luis Ubarretxena eta `Jota de los Arcos´- Evaristo Perez), Tolosako Udal Txistulari Banda ( Zuzendaria: Iñaki Letamendia Loinaz/ `Rapid´- Fredo Gardoni eta `Txoriak´- Aita Holario Olazaran), Isidro Larrañaga Akordeoi Orkestra (Zuzendaria: Isitxo Larrañaga Moreno/ `Marcha Turca´- W.A.Mozart eta `Ghost Love Score´ - Nightwish), Giroarte Dultzaina Taldea eta Tolosako Musika Banda
Tolosako Musika Bandari dagokionean, aipatu, Johann Brahms-en Danza Hungara nº6 eta Ernesto Lecuonaren Malagueña jotzeaz gain Jose Pablo Moncayo konposatzaile mexikarraren `Huapango´ obra lehen aldiz joko duela, Mariaje Rekondoren pianoaren laguntzarekin. Veracruz-eko son-etan oinarriturik dagoen konposizio hau, Mexikoko musikaren adierazgarri garbienetakoa da, bigarren ereserki nazionala izatera iritsi delarik.
Bestalde, Iñaki Salbadorrek zuzendutako Giroarte Dultzaina Taldearen X. urteaurrena dela medio, azken honek eta Tolosako Musika Bandak elkarrekin interpretatuko dituzte kontzertuari amaiera emango dioten bi obrak, Manuel Turrillasen `Bailan los Gigantes´ eta N. García-ren `Alegre Amanecer´ hain zuzen ere.