Aulkitik: Mireia Sarasola

Erabiltzailearen aurpegia Mireia Sarasola 2015eko irailaren 30a

Denboraldi-aurrea hasi eta aurpegi gazteak, berriak ez, ordea, jubeniletatik igotakoak gure taldea indartu eta osatzeko asmoz. Entrenamenduak eta korri, fisikoa irabazteko ia hilabete eta erdi, lagunarteko partidak eta lesio txikiak tartean. Giro eta sentsazio onak denboraldiari ondo eusteko.

Denboraldiko lehen partida genuen asteburu honetan Ordiziaren aurka. Eguerdiko 15:00ak, eta, taldearen argazki ofiziala atera behar omen genuen. Partida ikustera etorri ziren taldeko lesionatuak ere han ziren. Klik eta klik eta eguzkia parez. Begiak irekita mantendu nahian ibili ginen denok, eta azken argazkian atzean zutik geundenak makurturik zeudenen gainera bota ginen, argazkirik hoberena.

Partidan entrenamenduetakoa egiten saiatu ginen arren, ez genuen lortu jokoa ondo definitzea, eta puntu bakarrarekin konformatu behar izan genuen. Hoberena, defentsa lanetan ibiltzera ohitua dagoen Leire aurrelari gisa atera zutenean izan zen; ez dakit zein izan zen arrazoia, baina, aldageletan aurreko denboraldian baino gol gehiago sartu nahi zituela entzun nuen... lasai, korner-ak beti hor izango ditugu eta Leire!

Oraindik lan asko dago aurretik, baina, pixkanaka jokoa definituz eta astez-aste helmugak finkatuta taldeak lan polita egin dezakenaren sentsazioa daukat.

Nik ere partida hasieran gure delegatuak bota zuen garrasia botako dut: Toloooooosa, oe oe oe!

Aupa neskak!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!