Jarrera kontua

Erabiltzailearen aurpegia Mireia Sarasola 2014ko azaroaren 11

Jarrera. Hitz bakar batez definitu beharko banu asteburuko partida, hitz horrekin izango litzateke.

Zarautzen aurkako partida jadanik bagenekien ez zela ligako errazenetarikoa izango. Eguraldiak lagunduta, agian, beroketari ekin genion barre artean, jarrera eta giro ona nabarmen zirelarik taldekoen artean.

Partidaren lehen zatian jokoa nahiko berdinduta zegoen, baina, korner eta area ertzeko falta baten ondorioz, bi gol sartu zizkiguten zarauztarrek.

Bigarren zatian, ordea, taldearen jarrera nabarmenki aldatu zen, eta, 18.minutuan, Izaro Goenagak 1-2koa lortu zuen; zerutik eroria eta zerurantz dedikatutako gola. Sei minutu beranduago Mar-ek partida berdindu zuenean argi ikusi genuen puntu horri eutsi behar geniola. Hala ere, taldea ederki ari zen jokatzen arriskuzko jokaldiak sortuz, eta partida amaitzear zela, Alaznek etxean hiru puntuak uztea lortu zuen.

3-2. Esan dut, dena jarrera kontua da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!