Ordena vs Kaosa

Erabiltzailearen aurpegia Mireia Roca 2019ko ots. 17a, 08:59

Iaz, Bilboko Arte Ederren museo sortu zela 110 urte bete ziren. Museoaren lehen egoitza, Euskadi plazara begira dagoen eraikin zatia, ez zen 1945. urtera arte eraiki, Urrutia eta Cardenas arkitektoen eskutik.

Geroago, 1970ean, Libano eta Beascoa arkitektoek, L formako beste eraikin bat gehitu zioten museoari eta, 2000. urtean, Luis Mª Uriarte arkitektoaren ekipoak irabazi zuen, hain arrakastatsua izan den museoa eraberritzeko lehiaketa, gaur egun duen itxura emanez.

Urteurrenaren aitzakiarekin, 1945eko lehen eraikina eraberritu eta hura berriro inauguratzeko, ABC. Bilboko Museoaren alfabetoa erakusketa antolatu dute, Kirmen Uribe komisarioaren eskutik, berak idatzitako liburu batzuetan nabarmena den arte munduarekin lotura sendotuz.

Eraberritutako eraikinak 31 gela ditu, eta Uribek lau hizkuntzatan (euskara, gaztelera, ingelesa eta frantsesa) izendatu du gela horietako bakoitza, sortu duen alfabeto pertsonal baten arabera. Hautatu dituen izenak Desira, Frindship, Noir, Pietate, Sueño, War…- ez dira nolanahikoak, iradokitze gaitasun jasoa dute eta, gerora, bere pisu poetikoaz jabetuko gara.

Izen horien inguruan, Uribek hain ongi menderatzen dituen hitzak erabili ditu, gela bakoitzean kontakizun, pentsamendu, erreferentzia, istorio nahiz sentipen bat iradokiz. Eta bere hitzak Arte Ederren museoak biltegian dituen altxorrez inguratu ditu: eskulturak, margoak, marrazkiak... Emaitza paregabea da, ez kronologikoki, ez estetikoki, itxuraz zerikusirik ez duten artelanak nahaspila batean antolatu dituen arren. Eta hori da erakusketa erakargarria egiten duena: Uriberen hitzen eta ideien jario alfabetiko ordenatua, artelanen itxurazko antolaketa kaotikoaren alboan.

Nola uztartu literatura, pintura eta eskultura, soilik hitz batek iradoki dezakeen esanahia landuz?

Zoaz eta ikusi!

Gainera, esandakoaz gozatu ondoren, norbait asebete ez bada, museoan bertan, 68aren ostean artea eta praktika artistikoak Euskal Herrian, 1928-2018 izeneko euskal artearen inguruko beste erakusketa ikusteko aukera du, apirilaren 28ra bitarte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!