Gure herrietako toki askotan, bertan dabilena ez bustitzearren, jolas parke irekiak estaltzeko joera nagusitu da. Espazio hori nola estali behar denaren erabakia maiz herritarren esku utzi da, eta jada ia ohikoa da herrietan galdeketak egitea, estalkia hautatzeko garaian. Hirigintza alorrean ere, erabakiak hartzeko, gizartearen parte hartzearen beharraren inguruan zalantzarik ez dago. Hala ere, galdeketa, hasteko, estalkia jartzearen beharraren ingurukoa izan beharko lukeela uste dut.
Ehun tenkatu, eta orokorrean, egituren alorreko puntako teknologien garapenak, estalki erraldoi eta arinak egitea ahalbidetu du, eta duela ez urte asko ezinezkoa zena, gaur posible da. Espazio irekiak, estaltzean, itxi egiten ditugu, eskala aldatu, etxekotu, eta gure baldintzetara egokitzen ditugu, ingurura itsutuz. Estalki horien azpialdea, espazio «globalizatu» antzeko bat da, espazio hori lehenago kualifikatzen zuten ezaugarri guztiak desagertu arazi ditugunez: inguruko fatxadak, alboko zuhaitzen garaiera, erreferentzi gisa jokatzen zuen mendi tontorra, zerua… Eta aldi berean, oinezkoek, estalki erraldoi hori, ia beti elementu arrotza gisa ikusten dugu, bere formak, tamainak eta koloreak ez duelako tokiarekin inongo loturarik.
Gure iragan hurbilean, badaude adibide larriagoak: inguruko ia herri guztiak frontoi estaliak dituzte. Guztiak, ia, garai berdintsuan eraikiak izan ziren, eta herriaren tamaina, kokalekua, paisaian izango lukeen eragina, beste herriekiko hurbiltasuna… bezalako faktoreak baloratu ere ez ziren egin, gaur ikusi dezakegunaren arabera. Herri bakoitzak bere frontoi estalia izateko beharra zuen? Frontoi irekiak desagertu arazteko adina behar? Guztiak tamaina «olinpikoa» behar zuten izan? Haien erabilera neurtu dugu? Zenbat bazter, paisai, txoko, toki eder, galdu ote ziren estalki horien mesedetan?
Euri uraz bustitzea ez da hain larria…