Changing New York

1935-1943 urteetan, 1929ko depresio handiak gizartean utzitako ondorioei aurre egiteko, AEBk, Federal Art Project (Arte Nazionala Proiektua) izeneko proiektu bat burutu zuen, beste askoren artean.

Gobernuak zuzenean nazio bertako artistak kontratatzen zituen, eta sortutako arte lanaren truke, ordaindu. Izugarrizko dirutza bideratu zuen proiektura, milaka artistak parte hartu zuen, eta beraz arte lan mordo bat sortu ahal izan zituzten: muralak, eskulturak, pinturak, argazki-dokumentuak, posterrak, turismo gidak, antzerki gidoiak, antzoki eszenatako diseinuak…

Proiektu hau ez zen kultura jarduera bat, artistak kontratatzeko erreskate lan neurri bat baizik. Works Progress Administration_WPA (Lanen Garapenen Administrazioa) izeneko administrazioak kudeatu zuen, eta ez zuen kulturarekin edo artearekin zerikusirik (beste proiektu batzuk: errepideak, azpiegitura handiak eta eraikin publikoak eraiki, haurren elikadura hobetu, txiroentzat etxebizitzak sustatu…). Administrazio hau presidentearen aginduz sortu zen, eta AEBn langabezian zeuden milioika langileei lana ematea zuen jomuga, onura publikoa zekarten lan programak sustatuz.

Federal Art Project honen barruan, bi ideia nagusi: artea sortzea (bere alor guztietan) lan bat da, eta bere onura publikoa ukaezina da.

Proiektu honen jatorria Sobietar Batasunean kokatzen dute, eta bere sorrera-filosofia oraindik interesgarriagoa zen: arteak gizartea hobetzeko eta ulertzeko zuen gaitasunaren uste sendoa zegoen proiektuaren oinarrian.

Jackson Pollock, Irene Rice Pereira, Ad Reinhardt, Mark Rothko, Arshile Gorky, Diego de Rivera… eta Berenice Abbot izan ziren proiektu honetan parte hartu zuten langile-artista horietako batzuk.

Berenice Abboten Changing New York -1939- lana proiektu honen babesean gauzatu zen, eta zati bat Topografiak erakusketan ikusgai dago (2018ko martxoak 25 arte, Tabakalerako Kutxa Kultur arte gunean). Zoaz eta gozatu!!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!