Rafael Aranda arkitektoa da RCRko kideetako bat. Bera izan da, Donostian ospatzen ari den Nazioarteko Arkitekturaren lehen Biurtekoari hasiera eman dion hitzaldira gonbidatua izan den hizlaria. Gainera RCR estudioak garatutako lanaren erakusketa bat ere ekarri du berarekin Miramar Jauregira (2017-11-06 / 2018-01-31). Erakusketa luxu bat da, ez da batere teknikoa, eta Arandaren esanetan, publiko zabalarentzat prestatua izan da. Doakoa da. Merezi du.
Arandak hitzaldian erabilitako ideia bat nabarmendu nahiko nuke: “Sormen partekatuak, ezohikoak ez diren pertsonei, ezohikoak diren gauzak egitea ahalbidetzen die”. Arandak azaldu duenez, beraien lan egiteko metodologia sormen partekatuan oinarritua dago, eta hasieran lanean 3 kide besterik ez baziren ere, egun 13 kide dira, eta guztiak hartzen dute parte proiektuaren sormen fasean, emaitza ikusgarriak lortuz.
Sormena partekatzeak esku zabaltasun maila handia exijitzen du, bai eta gauzak adosteko gaitasun bikaina ere. Bi ezaugarri hauek, gutako bakoitza gure norbanakotik atera eta besteengana hurbiltzera behartzen gaitu, gure muga propioak lausotuz.
Iruditzen zait, esku zabaltasuna eta adosteko gaitasuna gaurko gizartean irmo landu beharreko kontzeptuak direla, jomuga ezohiko gauzak lortzea bada behintzat, mugak hautsiz.