Gizartearen bultzada indartsua

Erabiltzailearen aurpegia Mireia Roca 2017ko urtarrilaren 29a

Arkitektura artea, oro har gizarte pentsamoldearen adierazle bikaina da. Pizkundean humanismoaren loraldia sustatzean, gizakia eta bere ingurua ezagutzaren ardatz bilakatu ziren. Gizakia, norbanakoa, edozer gauza egiteko duen gaitasunaz jabetu zen.

Jakin-minak zientzialariak eta artistak zirikatu zituen: ezagutza zientifiko oparoaren sorrera. Estetika ideala berriak ere, oinarrian, gizakiaren berezko edertasuna zuen, eta kultura klasikoak utzitako giza proportzioak ziren edertasunaren ikur.

Gure gizarteak pizkunde-pentsamoldea bereganatu zueneko arkitektura adierazpenetako bat, Tolosako Santa Maria parrokiarako eraiki zen espazio-kontzeptu berria izan zen (Euskal Herrian: areto elizak, Espainian: iglesias de salón eta Europa erdialdean: hallenkirche). Horma indartsu batek altuera berdineko hiru nabe inguratzen ditu, espazio bateratu bakarra sortuz. Ez dago hierarkiarik. Begirada bakar batez espazio kontzeptua ulertzen da. Logikoa eta arrazionala da. Guztiak, gainditutako gizartea ukatzen du: gotiko garaia.

Baino, zer parrokiko sabaiari buruz? Katedraletan ikusi ohi den egitura bera du.

Sabaiko egitura erdi arokoa da, gotiko garaikoa, elizak gizarte teozentrista feudala gidatzen zuen garaikoa. Helburua, Jainko ahaltsuaren irudia ahalik eta hobekien adieraziko lukeen eraikina lortzea zen: garaia, liraina, argitsua, eta hierarkikoa, hau da, katedrala. Hauek eraikitzeko, gurutze gangak asmatu zuten, nerbioetan oinarritutako egitura erdi aroko berrikuntza teknologiko bikainenetakoa. Grabitateak baldintzatutako indar guztiak nerbioetatik bideratzen dira, goitik hasi eta beheraino.

Santa Maria parrokian beraz, gizartea ulertzeko kontrakoak ziren bi pentsamolderen arkitektura adierazteko baliabideak trebetasunez uztartzen dira, berriagoa den beste zerbait lortzeko: sabaiko egitura zaharra gotiko garaikoa eta espazio kontzeptua berria pizkunde garaikoa.

Agerian dago, gizartearen bultzada indartsua gai dela sinestezinak diruditen aldaketak sustatzeko, baliabide zaharrekin bada ere. Eta ez soilik arkitekturan. Gure Esku Dago!!!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!