Plazer estetikoa

Erabiltzailearen aurpegia Mireia Roca 2016ko urr. 2a, 20:04

Hilabete honetan, bi edo hiru aldizkaritan ikusi dudan argazki bat buruan darabilkit. Venezia agertzen da argazkian, eta bertako eraikinen artean, Giudecca kanalaren barrena, 10 edo 12 solairu dituen transatlantiko erraldoi bat, erabat arrotza. Itsasontzi horrek 5.500 pertsona inguru eraman ohi ditu.

Veneziak, urtero, 25 milioi inguru turista jasaten ditu. Parke tematiko batean bihurtu da, turismo basatia elikatzeko.

1951. urtean Venezian 175.000 pertsona inguru bizi zen. Egun, ofizialki, kopuru hori ez da 57.000 pertsonara iristen. Bertakoak ihes egiten ari dira.

Nik (guk?), Thomas Mannek Viscontiren irudiak lagun iradokitako Venezia galdu egin dut. Misterioz betetako hiri hura. Isila. Ederra. Erakargarria. Dekadentea. Dotorea.

Ez da galdu dudan hiri bakarra, baina bai etengabeko minbera eragiten didana. Bilakatu den horrek, lehenago izan den guztia ukatzen duelako.

Edertasuna dastatzeko, behar-beharrezkoa da tokia sentitzen lagunduko duen giro egokia. Giro hori oso pertsonala da, bakoitzari dagokion zerbait da, eta ez da kuantifikatu edo kualifikatu daitekeen zerbait. Neurtezina da. Baina guztiok dakigu eta sentitzen dugu, noiz den egokia, une horretan, plazer estetikoa hautematen dugulako.

Globalizazioak, urruneko edertasunak eskura jarri badizkigu ere, edertasuna dastatzeko aukerak, neurri batean behintzat, zapuztu egin ditu. Orain arte, gutxi batzuk ikusi duten edertasun hori guztiok sentitu eta bizi nahi dugulako. Zilegi da. Baina, guztiok aukera berberak izateak, plazer estetikoa hautemateko arazo bilakatu beharbada, zerbait oker dabil.

Lehen, errealitateak beti fikzioa gainditzen zuela uste nuen. Gaur, fikzioak izugarrizko garrantzia hartu du neure bizitzan, errealitateak ukatzen duena posible egiten duelako, eta behin eta berriro edertasuna dastatzeko aukera ematen didalako. Thomas Mannen Venezia, kasu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!