[Aulkitik] Fruiturik gabeko lana

Erabiltzailearen aurpegia Mireia Igartua 2017ko ots. 2a, 12:32

Bolada onarekin jarraitzeko asmoz, astean zehar izan genuen helburu bakarra larunbateko partida zen, Zarautzen aurkakoa.

Talde hau hirugarren postuan dabil eta gu seigarrenean. Beraz, bagenekien ondo sufritu beharko genuela partida irabazi nahi bagenu, baina horretarako prest geunden eta argi genuen ez genizkiela gauzak erraz jarriko. Esan eta egin. Behin hamaikakoa jakin eta ondo berotu ondoren, partida hasi zen.

Lehen zatian beraiek jokoan gailendu zitzaizkigun, baina denon artean ondo eutsi genien beraien erasoei eta atsedenaldira golik gabe joan ginen. Bigarren zatia ere ildo beretik joan zen, baina partida aurrera joan ahala, bi taldeak gol aukerak sortzen joan ginen. Dakigunez, futbolean puntuak lortzeko golak beharrezkoak dira eta partida honetan, guk ez genuen ate aurrean asmatu, beraiek, aldiz, bai. Horrela etorri ziren beraien bi golak, eskarmentua eta talde bezala jolastuz urte asko daramatzatela demostratuz. Gu, berriz, ez ginen kikildu eta bukaera arte ez genuen partida galdutzat eman. Amaieran, beraz, 0-2ko emaitza baina burua goran genuela bukatu genuen, nahiz eta egindako lanak eta borrokak fruiturik ez eman.

Behin partida amaituta, zerbait hartu, afaldu eta parranda botatzeko unea zen. Nahiz eta partida nekatuta bukatu, denok genuen indarra honetarako eta gure arteko giro eder eta parranda on batekin bukatu genuen egun luze hau.

Garrantzitsuena taldeak duen jarrera ona eta hobetzeko gogoa da, eta hori sailkapenean gauden postuan islatu daiteke. Horrela jarraituz gero, emaitza onak izaten jarraituko dugulakoan gaude. Aupa neskak, partidaz partida!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!