Zutitu, esne ontzia hartu eta banoa Margaritarengana goxo-goxo, bere errape sekoek familia guztiarentzako adina esne emango ote didaten ala ez duda-mudatan.
Ogi zopei azken zurruta egiterako amak prest jarri dit ura ekartzeko ontzia ate aurrean, eta ederki ulertu dut inork ezertxo ere esaterako nire gaur goizeko egin beharra zein den: ontzia hartu eta beteta ekarri bazkal ordurako. Aurpegiko esne apurrak mingainarekin garbitzen ditudan bitartean, altxa, ontzia hartu eta «segituan naiz» batekin etxekoak agurtuta abiatu naiz iturri aldera lasai-lasai, bero handia egiten du eta. Azkenean! iritsi naiz iturrira. Baina zer da hau? Ez dago urik! Bat-batean oso gaizki sentitzen hasi naiz: urik gabe itzultzen banaiz etxera amaren errieta jaso beharko dut edo amonarena (oraindik okerragoa dena); bazkaririk ere ezingo dugu prestatu. Bero dago! ... Zorabiatzen hasi naiz!... Ezin dut! Buruan dudan zapiak ito gura ematen dit!... Amaaaa!!!
Izerdi batean esnatu naiz ohean eserita nire etxeko logelan. Zer gertatu da? Eskua burura eraman eta ez daukat zapirik. Nire onera bueltatzen ari naizen bitartean ama sartu zait logelan atera dudan garrasiak izuturik, eta zer gertatzen zaidan galdetu dit aldamenean eseriz. Kontatu diot ametsa, eta ondorioztatu dugu guztia afaltzeko garaian eduki dugun elkarrizketagatik izan dela. «Orduan orain argi daukat ama. Ez dakit amestu dudana beraien eguneroko errealitatea izango den, baina Oporrak Bakean programan apuntatu eta maitasunez betetako uda zoragarri bat oparitzen saiatuko gara».