Iritsi da sudur punta gorritzen eta izozten digun haize hotza, eta baita aterkipean sartzen den euri bustia ere. Prezipitaziorik zurienak ere jo digu atea orain pare bat asteburu aurten aurrenekoz, eta haur, gazte eta ez hain gazteoi harekin gozatzeko aukera eman digu.
Igande hartan hiru lagun elkartu ginen gure eskularru, txano eta botak jantzita gure herri inguruan buelta bat eman eta elurrarekin haur bihurtzeko asmotan (behin dena aitortzen hasita, esan aurreko egunak opari eman zigun ajea pasa nahian ere atera ginela). Gure paseoaren lehen metroak gustura egin genituen berriketan, elur bolekin elkar jo nahian, gure apunteri eskasa elkarri erakusten barre algara artean eta abar, baina bidean aurrera egin ahala algarak haserre bihurtu ziren. Bide gurutzeak eta errepide ertz guztiak auto eta furgonetaz gainezka zeuden, herritarron belazeak jendez eta lerez josi ziren; Berastegi 'domingeroz' bete zen.
Gure haserrea ez zuten piztu 'domingeroek' ordea; belazeak inguratzen zituzten hesiak apurtuta ikusteak, autoek bordatarako bidea nola oztopatzen zuten ikusteak, ataka guztiak irekita ikusteak... sutu gintuen.
Txikitatik erakusten digute gauzekin disfrutatzea eta gozatzea ondo dagoela eta egin beharrekoa dela, baina baita ondoren guztia zegoen bezala utzi behar dela ere. Ahaztu egin ahal zaigu?
Hau esanda, zutabe hau hiru lagunetako batek gure ibilbide amaieran esan zuenarekin bukatu nahi dut: «Uda iristean deituko dizuet belarra moztu eta biltzera etortzeko!!».