Eta noski, aitortu beharra daukat, nire udako egunak amaitzearekin batera esan niola agur nire operación bikini pertsonalari, eta orain, operación plumífero izeneko dietan murgildua nago buru-belarri; hau ere pertsonalizatua.
Gogoko dut gauzak nire erara moldatzea eta pertsonalizatzea, eta zer esanik ez dietak! Gaiari buruz zerbait ulertzen duen edonori gauza bera entzun diot nik: gorputz guztiak desberdinak dira eta bakoitzak bere gorputzari egokitutako dieta behar du (ez dakit zehatz-mehatz hau esaten duten, baina aurrez esan dut gauzak pertsonalizatzea gustuko dudala). Eta nork ezagutzen du norberaren gorputza norberak baino hobeto? Beraz, bukatu berri dudan operación bikini eta hasi berri naizen operación plumífero neronek diseinatu ditut nire erara.
Egia esan, aurten ere konturatzerako iritsi zitzaidan uda, eta lehen hondartza eguna iristearekin batera esan nion neure buruari: «Mireia, oraingoan ere harrapatu zaitu zuri eguzkiak depilatu gabe eta baita neguko erreserba guztiak gerri inguruan dituzula». Hala, esan dezaket udako lehen hondartza egunean hasi nuela nire dieta, eta badakizue, ezin miraririk egin!
Operación plumíferorekin ordea denboraz hasi naiz; iraileko lehen astean oporretatik bueltatu eta lankide batekin hitz egitean. Bera orduan hasi zela esan zidan, baina bion dietak komunean izena bakarrik dutela esango nuke. Berea asteko lau egunetan kirola egin eta osasuntsu jatean oinarritzen da, eta nirea berriz, gorputzari plumifero baten itxura ematean, neguko hotzei aurre egiteko.