3,2,1...

Erabiltzailearen aurpegia Mireia Garaiburu 2017ko eka. 23a, 11:28

Hiru, bi, bat... Berastegi. Ekainaren 23a, San Joan bezpera. 22:45. Herriko herri-langileak zuzenean doaz kartoiz, kaxaz, eskolako liburu zaharrez, txorimaloz... osaturiko mendixkari su ematera.

Izugarrizko sua piztu da. Ume zein helduen begiradek diz-diz egiten dute. Atera dira herriko mutil dantzariak urteroko legez San Joan dantzak dantzatzera, zuri-gorriz jantzita. 23:00ak puntuan. Amaitu dute eta badoaz aldatzera. Bitarte honetan suak hartu du gainetik saltatzeko neurri egokia eta ilara sortzen ari da alde batean.

Bai. Erabakia daukat. Hainbat urteren ondoren, aurten suaren gainetik salto egingo dut eta horrez gain, oraingoan, umetan ergelkeria iruditzen zitzaidana egitera noa: papertxo batean nire desira idatzi eta erre egingo dut, bete dadin.

Lagunak, tartean ni, frontoitik begira gaude. Zutitu, lagunei begiratu eta ezer esan gabe ilarara noa, papertxoa eskuan dudala. Iritsi naiz eta azkena jarri naiz. Aurreko mutikoak arraro begiratzen dit. Urduritasuna nabari dut barruan. Suari diodan ikaragatik agian? Erreko ote naizen beldurra? Egitera noan ergelkeria antzemateak sortzen didan lotxa ote?

Ilara aurrera doan heinean, aurreko mutikoaren aurpegia geroz eta arraroagoa da. Uste dut ez nauela salto egiteko kapaz ikusten. Begiratu eta begi bat itxi diot urduritasuna disimulatu nahian, baina gaizki atera zait, «Lasai Mireia! Iskin horretatik salto eginez gero, ez zara erreko» esan baitit. Ume mukizua. Ezin dut distraitu. Kontzentratu! Hiru bakarrik daude eta aurretik.

Bihotza ere suaren gainetik saltoka dabilkidala uste dut. Gogoratuko ote naiz papertxoa askatzeaz? Noski! Zugatik egin beharra daukat. Bi gelditzen dira. Mutikoaren begirada berriro ere. Keinu batez aurrera begiratzeko esan diot bera baita hurrengoa. Badoa hau ere. Eutsi Mireia! 3,2,1...

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!