Ordaindu vs kobratu

Erabiltzailearen aurpegia Mireia Garaiburu 2017ko apirilaren 30a

Aurtengo aste santuko oporraldiak ere eman du zer esana inguruan: eguraldi ona, herri hutsak, Juana nire bizilagun erretiratuaren irteera Segurako prozesiora, eta nola ahaztu, errenta aitorpena. Bai, beste behin ere iritsi da etxeko postontzira.

Gure etxean aita arduratzen da postontzitik etxera gutunak ekartzeaz, baina, orain dela bi larunbat, herriko dendan bi herritarren arteko elkarrizketa entzun eta hauei iritsi zitzaiela jakitean, neroni joan nintzen postontzira ziztu bizian. Baina alferrik! Hura hutsa zegoen. Dezepzio puntu batekin etxeratu nintzela ikustean hala esan zidan amak: «Neska neska, ordaindu beharrekoa geroago ikusita ere berdin dio!». Amak ordaindu hitza erabili zuen; nire buruan, ordea, kobratu hitzak leku gehiago zeukan. Izan ere, lehengo urtean, nire lehenengo errenta aitorpenean dirutxo bat kobratu nuen eta bigarren honetan ere banuen esperantza. Inozoa ni!

Handik egun gutxira, ama sartu zitzaidan logelan eta ohetik jaikiarazteko aitzakia modura erabili zuen «sorpresa iritsi da» esaldia. Begiak erdi itxiak nituen oraindik sukaldeko mahai gainean gutun-azala nire zain zegoela ikustean, baina, golpe batez ireki nituen berau irakurtzean. Etxeko gainontzekoenean bezala, aurtengoan nirean ere ordaindu hitzak irabazi du. Sevillako prozesioko bromaz gogoratu nintzen momentu horretan (ez galdetu zergatia; gutunean jartzen zuena broma izan zitekeen esperantzan agian).

Hau horrela izanda, ariketa hau proposatu diot neure buruari lasaiago geratze aldera: telebistan agertzen diren gorbatadunak ikustean, ez dut pentsatuko gorbata horren zati bat herritarron diruarekin erosia denik. Eta esperantzaz beterik diot, denok ordaintzen dugunarekin, Juana eta bere lagun erretiratuei hurrengo urteko prozesioak Sevillako balkoi batetik ikusteko aukera emango diegula.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!