Era guztietako mozorroak eta mozorrotuak topatu ditut: bere mozorroa prestatzen ia urte erdi pasa duen tolosarra, aurreko egunean Amarozko txinoetan sarraskia egin duena, urtero mozorro berdinarekin baina txinazo kopuru desberdinarekin dabilena…
Baina aurtengoan, aspalditik atentzioa deitzen zidan beste fenomeno bitxi batengan jarri dut arreta: bular parean bi puxika handi puztu, beraien alde femeninoa atera eta, egun batez emakume bihurtzen diren gizonezkoengan. Hauei berdin zaie soinean zer nolako arropa daramaten: arrebaren armairuan topatu duten arropa, amonaren etxeko bata handia, erizain edo moja sexy-en mozorroa… berdin dio! Gauza da puxika ahalik eta gehien puztu eta bi bular perfektu irudikatzea. Benetan kuriosoa izan da ikustea, zer nolako irribarrea ateratzen zitzaien urtebetean ikusi gabeko lagunak puxikazko bularrak estutuaz agurtzen zituenean.
Hau ikusita, hurrengo urteari begira mozorro hau buruan bueltaka dabilkizuenoi, proposamen bat luzatu nahi dizuet hemendik: bularren mundu anitza miatu eta saiatu bular desberdinak irudikatzen. Inon ez da, sortzez, hain bular perfektuak dituen emakumerik; ezta bi bularrak berdinak dituenik ere. Egin ohore amonaren etxeko bata azpian gordeak izaten diren bular eroriei; edota, neska bular txikiei; edota, diferentziaz, bular bat bestea baino handiagoa duenari; edota, bular arteko erretena handia duenari… ez utzi inor aparte!
Hurrengo urtean ere zuen zain izango naiz.