Olentzero eta Mari Domingirentzat

Erabiltzailearen aurpegia Mireia Garaiburu 2016ko abe. 25a, 15:02

Kaixo Olentzero eta Mari Domingi, aspaldiko. Aurtengoan ere iritsi zaigu urte sasoi magikoa eta aspaldian ez bezala, aurten zuei idazteko beharra sentitu dut. Gogoan al duzue azkena idatzitako kartan eskatu nizuen Barbie-a? Nolako txapa eman nuen? Ba oraindik ere gelako apalean daukat gordea, nahiz eta fuxia koloreko soinekoa erabat saretu den.

Garai haietatik hona gauza asko aldatu zaizkit. Jadanik ez naiz inozentziaz betetako neska hura; emakume sentitzen naizela esan dezaket, nahiz eta inguruko batzuen ustez oraindik ere gaztetxo izan. Lanean ere hasi naiz. Batzuen ustez goiz xamar; oraindik ikasketekin jarraitzeko adinean omen nago, baina amonaren iritziz garaia ba omen nuen. Jende, toki, gauza, gertaera… asko eta ezberdinak gertatu zaizkit, batzuk onak eta besteak ez hain onak, baina denek balio izan didate sentitzen naizen emakume hau izateko.

Eguberrietako, edo gure kasuan hobeto esanda bizitzako loterian ere tokatu zaigu saria. Baina tamalez datorren uda aldera arte ezin dugu xanpainarekin ospatu. Orduan amaituko baita sari izan dugun amets gaiztoa.

13 lagunetako bati minbizia aurkitu zioten orain bi hilabete. Hau jakitearekin batera, amorruz eta malkoei ezin eutsiz, galderez bete zen nire burua: «Honi nork eman dio baimena geure bizitzetan sartzeko? Ez al diote irakatsi atea jo eta baimena eskatu behar dela inoren etxean sartzeko? Orain zer egin behar dugu guk? Inon ez digute irakatsi nola jokatu horrelakoetan». Laguna ikustearekin batera ordea, segituan uxatu ditut kezka, ikara eta antzeko sentsazio hauek. Indar positiboz beteta irteten da kalera bera, beti irribarrea aurpegian duela eta hau da guri ere aurrera jarraitzeko indarrez mantentzen gaituena.

Hau kontatuta bikote, hona hemen nire aurtengo eskaera: indarrez eta alaitasunez betetako ontzi bat. Gaixotasunak irauten duen bitartean noizbait halakorik faltako balitzaigu, bertatik edan eta suspertu ahal izateko.

Besterik gabe, hemen amaitzen dut aurtengoa; udan ireki behar dugu xanpain botila freskatzen jartzera goaz!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!