Segundo gutxiren buruan, telefonoa hartu eta hara hor luzatu didan proposamena: ea ATARIA astekarirako iritzi artikuluak idaztera animatuko naizen! Hori entzutean, nire aurpegia kotxeko ispiluan islatuta ikusi dut; WhatsApp aplikazioan ere ez dago hori koloreko aurpegitxorik berau deskribatzeko.
Lagunak, nigan ohikoa ez den isiltasun luzeak sortu dion ezinegonak eraginda, «bueno, zerbatte esan beharkoian ba?». Orduantxe erreakzionatu dut: «Nik nola idatzikoñat ba? Beñe eztiñat in ta! Etzekiñat… Pentsatu beharra zekenat». Bizirik nagoela frogatzean, lagunaren ahotsak betiko tonua hartu du eta erantzuna hemendik egun batzuetara eman behar dudala esan dit.
Buruari hainbat buelta eman eta gero, hementxe ari naiz ba, ordenagailuaren aurrean nire lehen testua idazten. Ez dakit zeini, baina norbaiti, nik esateko edo idazteko dudana interesgarria izan daitekeela iruditu zaio eta orain ezin diot ez idaztearen itsuskeria egin. Berak nigan konfiantza apur bat jarri badu, zergatik ez nik nire buruarengan beste pixka bat jarri?
Zuri berriz irakurle, iritzia ematen hasi aurretik, baimena eskatu nahi nizuke; ez bainaiz zu baino gehiago sentitzen hemen idazteagatik eta garbi baitaukat zu izango zarela nire kezka edo esan beharreko guztiak irakurri eta jasoko dituena. Nire errespetu osoa zor dizut beraz, eta jakizu, hemendik aurrera kalean edo barra iskin batean ikusten banauzu eta barrua husteko beharra sentitzen baduzu, zuk ni irakurtzen nauzun bezala, nik zu irakurriko zaitudala, zuk ere, niri eman didaten bezala eskubide osoa baitaukazu zure barne kezkak azaleratzeko.