Aulkitik: "Irabazteko gogoz"

Erabiltzailearen aurpegia Mirari Arteaga 2017ko aza. 22a, 10:05

Azkeneko bi partidak berdinduta, nabaria zen irabazteko gogo berezi bat genuela. Baina bagenekien horretarako gogor entrenatu behar genuela eta halaxe ibili ginen aste osoa larunbateko partidan zentratuta entrenatzen.

Imanolek esan zuen oso ondo entrenatu genuela, intentsitate handiarekin, baina ikusiko balu altabozak etxera ez eramateagatik nolako korrika saioak egiten ditugun aldageletatik ateratzerakoan... hori bai intentsitatez korrika egitea!


Larunbatean 16:00etan elkartu ginen Usabalen Barakaldokoei aurre egiteko gogoz. Partidari hasiera ona eman genion eta baloiaren nagusitasuna hartzea lortu genuen hasieratik. Hala ere, ez genituen gol aukera asko sortu eta sortu genituenak ez genituen jakin aprobetxatzen. Baina aukera horietako batean Mireiak ireki zuen markagailua 1-0ekoa sartuz. Horrela, lanean segitzeko gogo gehiagorekin joan ginen aldageletara. Eta bigarren zatian Leirek tartea handitu zuen 2-0ekoarekin. Hala ere, partidaren amaieran Barakaldokoek gol bat sartu ziguten.


Eta garaipena ospatzeko zer modu hoberik taldeko afari bat egitea baino? Ondo ospatuta geratu zen garaipena, baina jada jarri dugu burua datorren larunbateko partidan pentsatzen. Aste honetan ere gogor entrenatuz gure mailarik onena ematea izango baita gure helburua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!