Astelehenetik gogor entrenatzen hasi ginen, gure jokoa ondo eginez gero partida parekatua izango zela bagenekielako, eta taldea inoiz baino elkartuago egon zen.
Larunbata iritsi eta taldekideen artean nabari zen urduritasuna. Lesionatuak ere han ziren animoak emanez laguntzeko asmotan. Gainera, Mireiak ekarritako bizkotxoa ikusi genuenean gogo gehiagorekin atera ginen beroketara.
Aldageletan eta beroketan garbi utzi zigun Imanolek hasieratik dena eman beharreko partida zela, eta hala hasi ginen jokatzen.
Oso hasiera ona eman genion lehiari, eta berehala jarri zen partida gure alde. Alaznek sartutako golari esker 1-0 hasi ginen irabazten.
Emaitza horri ondo eustea lortu genuen eta horrela amaitu zen lehenengo zatia. Hala ere, garbi genuen horrela jarraitu behar genuela eta aurkariei ezin geniela aukera bat bera ere utzi. Baina bigarren zatiaren hasieran ez genuen asmatu eta 1-1ekoa iritsi zen. Orduan Imanol aldaketak egiten hasi zen. Horrek indarra eman zion taldeari eta aukera gehiago sortzen hasi ginen.
Gure Leire pitxitxia bere jokoa erakusten hasi zen, eta 2-1ekoa eta 3-1ekoa sartu zituen.
Partida amaitu eta inoiz baino gusturago ospatu genuen garaipena, Mireiaren bizkotxoa jan eta gero taldeko afari eta juerga on bat eginez.
Horrelako jarrera edukiz gero edozer lortzeko gai garela erakutsi zuen taldeak, eta horrela jarraitu behar dugu.
Igoera faseko sailkapenean, lehen postua 2 puntura bakarrik daukagu. Beraz, animo neskak!