Aulkitik: Mirari Arteaga

Erabiltzailearen aurpegia Mirari Arteaga 2015ko abe. 17a, 08:28

Lehenengo faseari amaiera eman eta bi aste eduki genituen bigarren fase hasiera prestatzeko. Aurkaria Ordizia zela jakiteak motibazio handiagoa eman zigun, beraien aurkako azken partidan sentsazio gazi-gozoa geratu baitzitzaigun.

Entrenamenduetan jokalarien artean umorea eta giro ona nabaritzen zen, nahiz eta horrek batzuetan Imanol haserrarazi, baina hala ere gogor entrenatu genuen bi aste horietan. Gainera entrenamendu baten amaieran Imanolek test bat banatu zigun gure iritzia bertan idatzi genezan, lehenengo fasea baloratuz eta hurrengo fasean zer hobetu dezakegun ikusteko.

Larunbatean 14:30etarako joan ginen Usabalera eta segituan hasi ginen denok “zorionak Izaro!” esanez, Izaro Goenagak 17 urte betetzen baitzituen. Marcelinok ezin izan zuen etorri baina bere animoak bidali zizkigun eta bere ordez Iraitz etorri zen guri laguntzera. Ordiziara iritsi, aldageletara sartu eta Imanolek esaldi batzuk eraman zituen jokalariak motibatzeko. Hamaikakoa esan, berotu eta gogor atera ziren partida irabazteko asmoz baina aukera batzuk eduki zituzten arren ez zuten asmatu baloia ate barrura sartzen eta lehenengo zatia 1-0ekoarekin amaitu zen.

Bigarren zatian oraindik ere gogo gehiagorekin atera ziren eta aipagarria izan zen Leireren bigarren zatia, Ainhoari pase zoragarria egin baitzion eta Ainhoak ondo aprobetxatuz 1-1ekoa sartu zuen. Orduan garbiago ikusi genuen irabazteko aukera, Nerea ateraino joan zen gola sartzeko asmotan eta penalti bat eginez gelditu behar izan zuten. Leirek bota zuen penaltia eta 1-2koa lortu genuen partida amaieran, harmailetatik begira geundenok ere saltoka hasi ginen.

Horrela bai, oraingoan Ordiziarrei merezi zutena eman genien. Aldageletan ospatu genuen garaipena, hasteko, txalo zaparrada bat eskaini genion egin zuten partida onari, ondoren, Marcelinori deitu genion berri ona emateko eta amaitzeko Izarori zorionak zuri abestu ondoren berak emandako pastak jan genituen.

Orain datorren partidan pentsatu behar dugu, eta nola ez, irabazten saiatu urtea ezin hobeto amaitzeko. Animo neskak!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!