Munduko mirari bat ezagutzera goaz: Petra

Erabiltzailearen aurpegia Myriam Gurrutxaga eta Enara Etxeberria 2019ko api. 6a, 05:57



Nora joan gaitezke oraingo honetan?

Zer iruditzen kultura ezberdin bat ezagutzera joaten bagara? Jordaniara, adibidez. Petra ezagutuko genuke, eta Wadi Rum desertu gorrian gal gaitezke.

Primeran, nondik hasiko gara?

Hegaldiak Ammanera iristen dira. Bertan geldialdi motz bat egin, eta Jordaniako lehen sorpresa jasoko dugu, Jerax herrian.

Zer ikus dezakegu han?

Jerax urteak igaro ditu lur azpian eta, berritze prozesu baten ondorioz, benetan ondo ikus dezakegu erromatar inperioaren dotorezia. Oso polita da. Gainera, uztailean kultur ekitaldi paregabea izaten da.

Hori gozamena, gustatuko litzaidake bertan egotea.

Bai, Jordaniako artisten elkargunea da, oso ospetsua da.

Eta Petrara, noiz?

Lasai. Autobusa hartu (pazientziarekin, Jordanian matxurengatik autobusez aldatzea ohikoa da) eta Petrara iritsiko gara. Oinez sartuko gara, izan ere, han paseatzea antzinara bidaia bat egitea bezalakoa da: hilobiak ikusgarriak dira, merkatari karabanak imajina ditzakegu, antzokiak, termak... Haizpeetatik igarotzea eta denok buruan daukagun Petraren altxorra ikustea ahaztezina da, arrosa koloreko harkaitzen tartean igarotako bidea hunkigarria da. Gauean ezagutzeko aukera ere izango dugu: kandelaz betetzen dute bidea, eta badirudi leku magiko batean zaudela, izarrez eta kandelaz inguratuta.

Zoragarria. Desertua ikusteko denbora izango dugu?

Bai, Laurence de Arabiaren eskutik ezagutzen dugun Wadi Rum desertura joango gara. Desertu gorria dirudi, amaigabea. 4x4 batean ezagutzea da onena eta, esperientzia desberdin bat bizi nahi baduzu, kanpamentu batean lo egin dezakezu.

Bai, niri gustatuko litzaidake, bai…

Noski, eta orain datorrena ere ziur baietz.

Nola? Zer gehiago ikus dezakegu?

Jordanian Itsaso hilaren zati bat ere badago. Bertan, gorputza buztinez igurtzi, eta ur gainean egotearen sentsazioaz goza dezakegu. Eta, bidaiari bukaera emateko, te bat edan, Jordanian ohikoak diren Blakava gozoak dastatu, eta Shisa batekin bukatuko dugu.

Gozen ba!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!