Plazan gozatzeko bidea bakarrik ez eta bertsolaritzak ikertzeko bazka ere ematen du. Haren inguruan egiten diren azterketa lanak sustatzeko eta zabaltzeko lanean ari da Mintzola Ahozko Lantegia etengabe, besteak beste, UPV/EHUko Laboa Katedrarekin elkarlanean. Azken urteotan heldutako ohiturari jarraituz, Mintzola Mintegia antolatu da azaroaren 15erako, martxan dauden bertsolaritzari buruzko ikerketa lanak ezagutarazteko.
18:00etan hasiko da saioa Amasa-Villabonako Subijana etxean, Mintzola Ahozko Lantegiaren egoitzan, eta doakoa izango da. Aipatu bi erakundeok elkarlanean finantzatu edota gutxienez informazioz eta aholkuz lagundutako ikerketen berri izateko egokiera izango dugu. Kazetaritza eta bertsoa: errimen oihartzunaz lana aurkeztuko du Antxoka Agirrek lehendabizi. Jarraian, Luzia Alberro historialariak hartuko du hitza: Xenpelar, Bilintx, Pello Errota, Pedro Mari Otaño, Txirrita eta Joxe Mari Lopetegi bertsolarien bertso-paperak iturri hartuz, herri xeheak Gipuzkoan 1830-1936 urteetan nozitutako aldaketak nola bizi izan zituen ikertu du berak eta lan hori aurkeztuko digu. Bertsozaletasunaren ikerketa soziologikotik abiatuta Postdodoismoa bertsolaritzan. Kultura sortzeko eredu eraginkorrago baten bila ikerlanaz arituko da Harkaitz Zubiri lehen zatia amaitzeko, eta galdera-erantzunei egingo zaie tartea. Ondotik, antolatzaileok iaz saritutako bi proiektu ezagutuko ditugu: Ane Labakaren eskutik, 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko umorea aztergai, genero-ikuspegitik eta Beñat Muguruzaren Noka eta toka ahoskide… eta bertsolarien adiskide?.
Azken lan horrekin lotuta, eta hitzaldi sortari amaiera emateko, bertso saioa egingo dute Agin Laburu eta Eli Pagola bertsolariek hitanoa baliatuz.