Datorren astean abiatuko da Bertso Udalekuen aurtengo denboraldia

Erabiltzailearen aurpegia Mintzola 2017ko uzt. 3a, 12:34

Uztailaren 4an Orioko txandak ekingo die aurtengoei, eta gero hartuko die lekukoa Irañeta, Bidarrai, Muxika eta Zuhatzako egonaldiek. Guztira, 200 gaztek baino gehiagok gozatuko dute bertsolaritzaz eta aisiaz uda honetan.

Asteburu honetan bertan emango diogu ongietorria uztailari eta harekin batera iritsiko dira Bertso Udalekuak. Datorren asteartean, uztailaren 4an, Orioko Itxaspe baserrira joango dira lehen taldeko gazteak, eta gerora Irañeta, Bidarrai, Muxika eta Zuhatzan izena eman dutenei egokituko zaie txanda.

Kresalak ekarriko die bertsotarako grina 12-13 urte bitarteko gazteei: Orioko Itxaspe baserrian igaroko dute astea 38 bat lagunek uztailaren 4tik 10era. Amaitu eta hurrengo egunean, uztailaren 11n, sartuko dira Irañetako Juantzirenan bigarren txandakoak: 13-14 urte bitarteko gazteok Aralar eta Andia mendizerren magalean gozatuko dute bertsolaritzaz. Uztailaren 20ra arte izango dira han. Uztaila amaitzeko, Bidarrain zein Muxikan uztailaren 22tik 31ra egingo dira egonaldiak. Lehenean 17-18 urte bitarteko lagunek hartuko dute elkar eta Bizkaiko egonaldian, 15-16 urte artekoak. Batean eta bestean 40na bat lagun elkartuko dira.

Denboraldiko azken bertso udalekua Zuhatzan gauzatuko da. 9 eta 11 urte bitarteko bertsozaleak bilduko dira uhartean eta ur kirolak izango dituzte oinarri bertsolaritza lantzearekin batera.

Guztira, 9 eta 18 urte bitarteko 200 gaztek baino gehiagok hartuko dute parte 20. urteurrena beteko duten Bertso Udalekuetan, eta haiekin batera izango dira ia 50 bat hezitzaile. Bertsolaritzaz gozatuko dute aisialdi eta kirol ekintzekin batera eta tartean uztartuko dituzte sormenari begirako ekimenak ere. Hemen da uda!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!