Eskerrik asko!

Erabiltzailearen aurpegia Mintzola 2016ko uzt. 18a, 11:57

Austria, Balear Uharteak, Gales, Kuba, Mexiko, Zipre eta Euskal Herria batu zituen larunbatean Kursaaleko eszenatokiak, Europa bat-batean topaketaren baitan. Bakoitzak berea erakutsi zuen, eta elkarrekin batera aritu zirenetan ere emaitza bereziak ikusi genituen.

19:00etan hasita ia hiru orduko saioa osatu zuten inprobisatzaileek Europa bat-batean egitasmoa biribiltzeko. Ordurako jende ugari bildu zen atean, aste guztian saioek eragindako jakinmina asetu asmoz.

Austriako Hans Eder eta Norbert Hauer; Balear Uharteetako (Mallorcako) Mateu Matas eta Maribel Servera; Galeseko Eurig Salisbury eta Karen Owen; Kubako Iran Caballero, Yoslay García, Yunet López eta Eduanis González; Mexikoko Las Alondras hirukotea (Diana Laura Hernández, Dana Sofía Limón eta Rebeca Limón); eta Zipreko Marios Poullas, Georgios Siaxiate, Alexis Charalambous eta Charalambos Charalambous aritu ziren kantuan eta musikari lanetan, Miren Amuriza, Amets Arzallus, Alaia Martin, Ane Labaka eta Julio Soto bertsolarien ondoan.

Itzultzaileen lana ere azpimarratzekoa izan zen emanaldian, aste guztiaren gisan; Karlos Aizpurua, Maddalen Arzallus, Jon Gil, Oihana Iguaran, Arrate Illaro, Irati Majuelo, Thomas Nussbaumer eta Begotxu Olaizola izan dira inprobisatzaileen jarduna itzultzen, inprobisatzaileak beraien artean ulertu eta publikoak ere emanaldia jarrai zezan.

Denetariko ariketak gauzatu zituzten inprobisatzaileek: besteak beste, Beñat Krolem artistak Mintzola Ahozko Lantegiari eta Mikel Laboa Katedrari esker garatutako Oholtza proiektua jarri zuen praktikan kubatarrekin eta mallorcarrekin; Julio Sotok Las Alondras hiruko mexikarrarekin abestu zuen, Beñat Gaztelumendi eta Amets Arzallus jada ezagun den querreque ezagunean lagun; edota Alaiak, Maribelek eta Yunetek, Kuban ohikoa den pie forzado ariketa egin zuten. Amaitzeko, mexikarren querreque doinuan agurtu ziren inprobisatzaileak.

Zazpi herrialde hauen artean sortutako giroa ez da bat-batean atzoko emanaldian sortutako zerbait; emanaldian zehar nabaritu zen kimika eta amaiera hunkigarria horren erakusgarri. Aste guztian zehar elkarren artean ezagutzeko parada izan dute emanaldietan parte hartu duten artistek zein aste guztian zehar Miramar Jauregiko jardunaldi akademikoetan parte hartu duten hizlariek. Elkar entzun, hitz egin, eta kezka, ilusio, zein erronka antzerakoak ditugula jabetzeko balio izan dute topaketek, harreman sarea indartzearekin batera.

2015eko udazkenean ekin zioten Mintzola Ahozko Lantegiak eta Donostia 2016 Europako Kultur Hiburuak elkarlanean Europa bat-bateani; udaberrian eman zitzaion jarraipena, eta udan amaitu da. Bidean hainbat erakunde zein boluntarioren laguntza izan du proiektuak.

Egitasmoaren aurreko faseetan zein oraingo jardunaldi akademikoetan parte hartu duten hizlariak ahaztu gabe, Euskal Herriak eta beste sei ordezkaritzek hamaika sentsazio eragin dizkigute; hamaika anekdota eta esperientzia; hamaika aukera etorkizunean ere zubi berriak eraiki eta eraikitako horiek zeharkatzeko. Bat gehi sei, zenbaitetan hamaika baitira. Eskerrik asko hala izaten lagundutako guztiei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!