Ahozko sorkuntza, hizkuntzen hauspoa

Erabiltzailearen aurpegia Mintzola 2016ko uzt. 18a, 11:54

Galegoaren, galesaren, euskararen eta katalanaren inguruan aritu dira ostegunean Marta Souto, Eurig Salisbury, Miren Artetxe eta Albert Casals, Europa bat-bateanen baitako jardunaldi akademikoen azken egunean.

Hizkuntza gutxituak izan dira protagonista gaur Miramarreko Baroja aretoan. Jon Ruiz de Pinedok gidatu du gaurko saioa, Europa bat-bateanen jardunaldi akademikoetako azken saioan.

Marta Soutok hartu du hitza lehendabizi. Vigoko kasua ekarri du Miramarrera, hango Udalean aritzen baita hizkuntzaren normalizaziorako teknikari gisa. Vigon galizierak duen erabilera eskasa adierazteko datuak mahaigaineratu ditu Soutok: "populazioaren erdiak baino gehiagok gaztelera erabiltzen du soilik egunerokoan". Egoera horri buelta eman asmoz, hizkuntzaren espazio ludikoak areagotzeko apustua egin behar dela azaldu du eta hor tartean da ahozkotasuna eta Galiziako kantu inprobisatua, regueifa. 2013an sortutako Centro de Interpretación da Oralidade de Vigo delakoak hari loturiko ekintzak bultzatzen ditu. Hala, regueifaren transmisiorako bideak ere areagotu egin dira.

Eurig Salisbury galestarra Aberystwyth Unibertsitateko irakaslea da, ikasketa galestar eta zeltikoen sailean, eta aste osoan zehar ikusi ahal izan dugu arratsaldeko emanaldietan inprobisatzen. Euren ahozko sorkuntzaren oinarria azaldu du Salisburyk, hau da, cynghanedd delakoa. Harmoniari garrantzia eman eta edukiaren eta soinuaren arteko orekan dagoen adierazpidea da hau. Txapelketa mota ezberdinak ere aipatu ditu, kantu inprobisatu honen testuingurua osatuz.

Hizkuntza erabileran gizarte harreman sareak eragina duela aintzat hartuta, Ipar Euskal Herriko bertso-eskoletan aritzen diren gazteen adibidea ekarri du Miren Artetxek. Horretarako, gazte horiekin izandako elkarrizketetatik ateratako aipuak berreskuratu ditu, besteak beste, bertso-eskolak berezko erabilgune direla frogatzeko, hots, berez euskara egiteko gune naturalak direla eta horrek norbanakoaren ohituretan izan dezakeen eragina erakustarazteko.

Albert Casalsen txanda izan da gero. Casalsek Corrandescola egitasmoa azaldu du: glosa eskoletan integratzeko proiektua. Irakasleak formatu eta laguntza eskaintzen zaie lehen ikasturteetan, ikasleei glosa irakasteko; hari esker, eta Marta Soutok hasieran esan duenaren haritik, jostagarritzat dituzte ikasleek honelako eskolak eta katalana erabiltzeko gogoa pizten zaie.

Amaitzeko, mahai-ingurua osatu dute hizlariek, Pablo Suberbiola soziologoak gidatuta. Besteak beste, duela zenbait hilabete Bizkaiko eta Galiziako eskolen artean egindako regueifa eta bertsolaritza elkartrukea aipatu du Marta Soutok, kantu inprobisatuak ezagutuz hizkuntza gutxituen erabilera indartzeko gune gisa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!