Xenpelar Dokumentazio Zentroak garatutako Kulturartea Mapa aurkeztu du ostegunean Mintzolak. Horretarako Europa bat-batean egitasmoaren baitako jardunaldi akademikoek eskainitako abagunea baliatu da, Miramar Jauregia plazatzat hartuta.
Kulturartea Mapa munduko kantu inprobisatuak biltzen dituen eta horien aniztasuna erakusten duen datu-basea da. Hain zuzen, horixe nabarmendu du Ruth Finneganek Alaitz Rekondok hitza emanda. Finnegan ahozko literatura genero gisa errekonozitua izateko lan handia egindako eminentzia da ahozkotasunean; Finneganez gain, Mintzolako patronatu kide den UPV/EHUko Jon Zaratek, Oral Traditioneko zuzendaria den John Zemkek eta Renoko Euskal Liburutegiko Iñaki Arrietak ere hitz egin dute, eta Andoni Egañak zein Las Alondrasek abestu dute.
Aurkezpenaren aurretik, beste hizlari batzuk ere pasa dira Miramarreko Baroja aretotik. Lehenetik behin, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburuordea den Joxean Muñoz, Mintzolako patronatu kide den Andoni Egaña eta UNESCO etxeko Begoña Guzman Garapenerako Kultur teknikariak.
Afrikako eta Ingalaterrako literaturan aurki daitezkeen adibideak baliatuz, poesiaren ahozko alderdiaz aritu da Ruth Finnegan jarraian, eta Anthony Judge diskurtsoaren sorkuntzan kudeatzen diren ideia edo "ahots" ezberdinez.
Azkenik, eta Kulturartea Mapa aurkezteko atarian, Oral Tradition eta honen sortzaile izan zen John Foley zena omendu dira. Bertsolaritzara egindako ekarpena laburtzen zuen ikus-entzunezkoa izan da ikusgai lehenik, eta gero Iñaki Murua Mintzolako lehendakariak oroigarria eman dio John Zemke Oral Traditioneko egungo zuzendariari.
Gaur, ostirala, azken eguna izango du Europa bat-bateanek Miramarren; hizkuntza gutxituak izango dira ardatz.
Kulturartea Mapa, edonondik eta edonork kontsultagai
Andoni Egañak bere bertsoan aipatu bezala, Kulturartea Mapak "edonork eta edonondik denon berri jakin dezan" tresna baliagarria da.
Mapa lotura honetan topa daiteke: www.mintzola.eus/eu/kulturartea/mapa . Kantu inprobisatuak adierazten dituen mapan, adierazpide horiek zein hizkuntzatan garatzen diren ikus daiteke kolorez sailkatuta. Horietako bakoitzean sartuz gero, adierazpidearekin loturiko dokumentazioa topa daiteke, hasi sarean dagoen materialetik eta baita Xenpelarren Bertsolaritzaren datu-basean, BDBn, topa daitezkeen dokumentu, audio-grabazio eta prentsa argitalpenak ere.
Datu-basea osatzeko zaleen eta adituen ekarpenak bildu dira eta honenbestez, eta ekarpen gehiago bildu ahala, handitzen joango den datu-basea izango da Kulturartea Mapa, ondare aldakor eta bizia.
Arratsaldean, alde zaharrean
Ostegunean, Donostiako alde zaharrean ibili da Europa bat-batean: Bilintx kalea, Fermin Calbeton, Juan de Bilbao zeharkatu eta azkenik Trinitatean amaitu du taldeak. Kantuan aritu dira Manex Agirre, Andoni Egaña eta Ane Labaka, Austria, Gales, Kuba, Mallorca, Mexiko eta Zipreko inprobisatzaileekin batera.