Kantu inprobisatuak bizirauteko beharrezkoa duen belaunaldi arteko transmisioari heldu zioten asteartean hizlariek. Laxaro Azkunek gidatu zuen saioa eta Patricia Tápanes eta Lourdes Yunet Lopez kubatarrak izan ziren hitza hartzen lehenak. Patricia Tápanesek azaldu zuen moduan, etxeko transmisioa ohikoa izaten da eta horri gehitu behar zaizkio komunitateetan antolatutako repentismo tailerrak. Horren adibide garbi, Lourdes Yunet López. Bere birraitona jada irlan ezagun den repentista zen eta Yunetek hasieran interesik agertu ez bazuen ere, berezko sena ateratzeko garrantzizko izan ziren tailerrak: "Gazte ugari joaten zen tailerretara larunbat goizetan eta ni aspertuta geratzen nintzen; hala, nik ere joatea erabaki nuen". Horrek etxeko tradizio horretan barneratu zuen.
Las Alondras hiruko mexikarraren kasuan, etxean ez eta, inguruan egiten ziren eskolen bitartez bereganatu zuten kantu inprobisatuaren tradizioa: "Gure irakaslea ezagutu genuenean hark jakin zuen tradizio honekiko maitasuna transmititzen" azaldu zuen Dana Sofia Limónek. Berarekin eskaini zuten hitzaldia Diana Laura Hernándezek eta Rebeca Limónek eta Huasteca Potosinan ohiko diren huapango, son huasteco eta son de costumbre aldaeren erakustaldia egin zuten.
Etxera bidea eginez, Harkaitz Zubirik bertsolaritzaren transmisioaren ingurukoak ekarri zituen Miramarrera. Zergatik ez da bertsolaritza hutsaren hurrengoa? galderatik abiatu zen eta eremu artistikoa eta soziala jarri zituen parez pare; "bertsolaritza gai izan da bere egoera soziala aldatzeko eta horren bitartez bere egoera artistikoa indartzeko" eta horrek transmisioan ere eragin du. Bertso-eskola transmisiorako gune bakarrik ez, sozializaziorako gune ere badela azaldu zuen eta horretan bat etorri ziren gero etorri ziren Arantzazu Loidi eta Jon Sarasua: "lagunarteak erakarri ninduen" azaldu zuen Loidik, Patxi Goikoleak, Xanti Iparragirrek eta Juanito Akizuk abiatutako Almen lehen bertso-eskola hari erreferentzia eginez. Loidik eta Sarasuak ikasle gisa bizitakoak kontatu zituzten.
Azkenik, Roser Texido katalanak Glosadors dokumentala ekarri zuen, glosaren transmisioa nola egiten den islatzen duen ikus-entzunezkoa.
Arratsaldean, beste kantu inprobisatu batzuk ezagutzeko aukera izan zen: Austria, Mallorca eta Mexiko, Alaia Martin eta Julio Soto bertsolariekin batera.