Abiatu da Europa bat-batean

Erabiltzailearen aurpegia Mintzola 2016ko uztailaren 12a

Argazkia: Mintzola

Munduko zenbait kantu inprobisatu ezagutzeko aukera eskaini zuten UPV/EHU Uda Ikastaroen baitan eskainitako lehen hitzaldiek.

Astebeteko bideari atzo ekin zion Europa bat-batean Kantu Inprobisatuaren Nazioarteko Topaketak. Astelehenetik ostiralera bitarte jardunaldi akademikoak izango dira goizez Miramar Jauregian eta saioak arratsaldez Donostiako hainbat tokitan, Donostia 2016k eta Mintzolak elkarlanean antolatuta, eta UPV/EHU Uda Ikastaroekin jardunaldi akademikoen kasuan.

Miramar Jauregiko Julio Caro Baroja aretoan izan ziren astelehenean hitzaldiak. Mintzola Ahozko Lantegiko Karlos Aizpuruak egin zituen anfitrioi lanak eta ondoren, Egoitz Zelaiak hartu zuen hitza eguneko lehen hizlaria aurkezteko. Josep Vicent Frechinak Herrialde Katalanetako kantu inprobisatuaren aniztasuna erakutsi zuen; Valentziako albaes delakotik hasi eta Mallorcako cançons de ximbomba delakoraino begiratu osoa eskaini zuen valentziarrak, trovoa, jota eta glosa ere aipatuz. Egun adierazpide hauek dituzten erakusleihoak ere aipatu zituen elkarte, ekitaldi eta argitalpenak, kasu; baita, ostiralean Albert Casalsek modu berezituagoan aurkeztuko duen Corrandescola eskoletako proiektua.

Thomas Nussbaumerrek, Music University Mozarteum Salzburgeko etnomusikologo eta doktoreak, gstanzl adierazpidea ezagutarazi zuen. Adierazpidearen izen eta jatorritik abiatu zen, horretarako XVIII.menderaino eramanaz. Ospakizunetan, bereziki ezkontzetan, erabiltzen den kantua da eta txapelketak ere egiten dituzte: Red Bull Gstanzl Battle horietan nabarmenena. Gainera, erakustaldia egin zuten Norbert eta Hans austriar gstanzlsängerrek bertso jarri bat baliatuta.

Jose Sanchez Conesak Cartagenako trovoa azaldu zuen eta horretan Marín, Castillo, El Minero eta beste zenbait protagonisten estrofak berreskuratu zituen. Trovalia izeneko jaialdiaz ere aritu zen Conesa; Cartagenen antolatzen den topagune honetan gaztelaniaz mintzatzen diren mundu osoko inprobisatzaileak biltzen dira.

Zipreko ordezkaritzak hartu zuen oholtza gero; Ktima Folklore Elkarteko kideak izan ziren, arropa tradizionalekin jantzita; horien artean inprobisatzailea ere baden Marios Poullasek egin zituen hizlari lanak. Irlan darabilten tsiattista adierazpideaz aritu zen zipretarra, bereziki 2017an Europako Kultur Hiriburua izango den Paphos hiriburuaren inguruan arreta jarriz. UNESCOk ondare ez-material izendatua du tsiattista eta bere aldaera ezberdinak, ahots deiturikoak, sailkatu eta erakutsi zituen Zipreko ordezkaritzak zuzenean kantatuz.

Thierry Rougier frantziarrak Brasilgo Ipar-ekialdera eraman zituen bertaratutakoak, hango repente artea eta coquisten jardunaz aritu zen, hauen sorkuntza eta egiturak azalduz eta han bertan egindako ikerketan grabatutako audio zein argazkiak uztartuz.

Azkenik, Beñat Krolemek Oholtza, bertsolaritza eta irudia erakusketa aurkeztu zuen. Mintzola Ahozko Lantegiak eta Mikel Laboa Katedrak esleitutako proiektu sariari esker eta Lankuren bidez garatu du Oholtza erakusketa Krolemek. Aste osoan izango da ikusgai bertsoa eta oholtzaren formak lotzen dituen erakusketa.

Eguraldia ez zen lagun atzokoan, eta portuan izan behar zuen emanaldia aquariumean izan zen azkenean. Kuba, Gales eta Zipreko ordezkaritzak aritu ziren kantuan, Amets Arzallus eta Andoni Egaña bertsolariekin.

Gaur transmisioaz ariko dira hizlariak. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!