Azken ikerketa soziolinguistikoek, oro har, euskararen ezagutza gora doala badiote ere, erabilera impass egoeran dago. Ezagutzaren igoera hori, gainera, ez da homogeneoa. Euskararen arnasgune diren herrietan beherantz doaz euskararen ezagutza eta kaleko eta etxeko erabilera. Hilabeteotan, Galtzaundik zehatz-mehatz aletu ditu datuok herriz herri egindako aurkezpenetan. Datu orokorrak kontuan hartuz, Tolosaldean, euskara ulertzen dugunon kopurua %84a da, kaleko erabilera, ordea, %57koa. Aldea, nabarmena da. Erderek sukalderaino eta eskuko pantailetaraino sarbidea dute, masiboki. Euskarak, bere lurrean nagusi izateko zailtasunak ditu gaur eta hemen.
Testuinguru horretan datorkigu Euskaraldia, euskararen erabileran eragiteko ariketa sozial handia. Hamaika egun jakin horietan, ahobiziek eta belarriprestek inertziak apurtu eta euskararen aldeko adostasun soziala baliatuz, euskaraz gehiago egin edota parekoak lasai euskara egin dezaten ahalbidetuko dute.
Tolosaldean herri gehientsuenek eman dute izena Euskaraldian. Irailetik aurrera eman ahal izango dugu norbanakook. Bata bestearen arrimuan hamaika egunez, hamabigarrenetik aurrera ere eragin beharko luke.
Izan ere; parekoak euskaraz jakinagatik zenbatetan baliatzen dugu euskara? Zenbatek dugu euskaraz lan egiteko aukera? Zenbatetan baldintzatzen digu parekoaren itxurak? Edota, zergatik alboratzen dugu gure hizkuntza hirira goazenean?