Kale Kantoitik

Ezjakintasuna atrebitua da

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Ozaita 2018ko api. 10a, 18:30

Udaberriko oporraldian Xalimako haranera joateko aukera izan dut Oargi Mendi Elkartekoekin. Ohiko mendi txangoa eta oporraldia zirudienak, ordea, barruak mugitu dizkit nire ezjakintasuna medio.

Izan ere, Portugalekin mugan eta Careseko ipar mendebaldean dagoen haran hau, urruneko bezain gertuko sentitu dut. Urrun, aurretik inoiz izan gabea bainintzen, ez bainituen bertako paisaiak eta ohiturak ezagutzen, esaterako. Gertuko aldiz, bertan jaiotako asko eta asko bizilagun baititut, beren seme alabak lagun, nire bizitzako parte.
Bertako herritarrekin izandako harreman laburrean konturatu naiz gure geografia zehatz mehatz ezagutzen dutela. Izan ere, haraneko hiru herrietatik Gipuzkoako barnealdeko herrietara migratu zuten bertako herritar ugarik duela bospasei hamarkada. Bertako herritarren %40 inguruk kanpora joan behar izan zuten bizimodua ateratzera.
Herri bateko kaleetan pasioan gindoazelarik nire ezjakintasunaren jabe egin nintzen. Bertako hizkuntza paisaiak gazteleraz gain beste hizkuntza bat hitz egiten zela iradoki zigun eta herritarrak itaunduz bailaran fala deritzon hizkuntza propio bat hitz egiten dela jakin genuen, galego-portugesaren eta leonesaren nahasketa bat omen. 6.000 hiztun dira bertako gertuko komunitatean, beste 4.000 deserrian.
Hiru hamarkada bizilagun izan ditudan xalimarrak, beraz, nire moduan hizkuntza gutxiagotu bateko kide dira. Arranopola! Noiz edo noiz urruneko sentitu ditudanak, gertuko sentitu ditut bote prontoan. Zein ondoriotara iritsiko ginateke beste jatorrietako bizilagunekin? Bizilagun ditugun Rifeko amazigh hiztunekin? Edota Ekuadorko otavalo hiztunekin? Edota Senegalgo serer edo mandinga hiztunekin?  Ezjakintasuna atrebitua da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!