Kale Kantoitik

Pentsamendu koloniala

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Ozaita 2018ko mar. 6a, 11:42

Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean burutzen ari den “Euskaltzaletasuna eta feminismoa” ikastaroaren baitan, Mari Luz Esteban antropologoak bere hitzaldian aipatu zuen kolonitatea ere aplikatu zaigula euskaldunoi.

Azkenaldi honetan ideia hori izan dut buruan. Hilabete honetako adibideak asko izan diren arren,  esaterako Egunkariaren itxieraren XV. urtemuga eta Idiazabal-Elgoibar futbol partidako epailearena,  oharkabean joan zaigun bat ekarri nahiko nuke hona, non euskaldunok zapaldu gaituzten gu geu konturatu ere egin gabe, horretan oinarritzen baita pentsamendu koloniala.


Telecinco telebista kateko Got Talent programan flamenkoa euskaraz egiten duen taldeak arrakasta izan eta hainbat whatsapp taldetatik jaso dut emanaldiaren bideoa. Sare sozialetan ere erruz zabaldu da. Sonakay talde donostiarra izan da protagonista, Joxean Artze zendu berriak sortutako eta Mikel Laboak kantaturiko Txoria txori abestia interpretatu dute gartsuki flamenko estiloan.  


Emanaldia bukatu berritan telebistako epaileek beren balorazioa eman dute: “¡Que fuerte, que mezcla tan rara pero que potente!” dio batek, euskal musikak orain arte hibridatu eta hainbat eta hainbat musika estilotatik edan ez balu bezala. Euskaldunak eta ijitoak izanik normalena dela erantzun dio kantariak, haurtzaroko musika dela berentzat. Ezin ahaztu ijito herria eta kultura gutxienez 500 urtean ditugula gurean eta aspaldi hibridatu genuela, erromintxela hizkera horren adibiderako. “Fusión perfecta entre el sur y el norte de este país, ojala todo el mundo en este país se fusionase tan bien” dio beste epaileak,  Kataluiniako afera zeharka aipatu eta Estatuaren batasuna aldarrikatuz. Metropoliak pentsamendu koloniala du oinarritzat. Bere garaian bazter bateko flamenkoa bere kultur ezaugarritzat bereganatu zuen gisara, beste ertzetakoak, euskara kasu, baztertu zituen bere batasunarentzat kaltegarri zirelakoan. Kezkatzen nauena zera da ordea, Sonakayren ikuskizuna ederra izan arren,  telebistako epaileen jarrera koloniala aberrazio gisara ez hautematea milaka euskaldunok.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!