Kale Kantoitik

Harro nago nire herriaz, baina baita nire eskualdeaz ere

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Ozaita 2017ko abe. 19a, 12:43

Munduko hiritar eta euskal herritar izanagatik, gertuko komunitateak berebiziko garrantzia du herritarron eguneroko bizitzan. Bizipen horietako batzuk, norberaren herrietan gauzatzen baditugu ere, beste asko eta asko, eskualde mailan gauzatzen ditugu.

Egunerokoari erreparatuko bagenioke, konturatuko ginateke Tolosaldean eta Tolosaldeko beste herritarrekin ehuntzen ditugula lan, ikasketa, familia, lagun edota aisialdiko harremanetako asko. Esan nahi da, eskualde mailako mugikortasuna eta harremanak ez direla gutxi gure artean.

2017ko otsailaren 7a esanguratsua izan zen. Izan ere, Tolosaldeko Giltzarriak antolaturik eta Erabaki Fest! jaialdiaren baitan, Tolosaldeko herritarren bazkari herrikoia burutu genuen egun horretan. Eskualde mailako lehenengo herri bazkaria izan zela esango nuke. 28 herrietako herritarrak mahai eta ekimen baten bueltan elkarrekin batera bildu ginen. Ez bedi azkena izan!

2017ko abenduaren 3a. Galtzaundi Euskara Taldeak bultzatuta, “Tolosaldean euskarak 365 egun!!” mosaiko herritarra osatu genuen herri bakoitzeko herritarrok letra bat osatuz eta sinbolikoki eskualdeko batasuna irudikatuz. 2018.a mugarria izango da euskararen erabilera bultzatzeko eskualde mailan, abenduaren 3koa hasiera besterik ez baitzen izan.

Mugimendu Sozialek bultzaturiko bi ekimen hauek erakusten dute elkarrekin lan egiteko nahia, interesa eta premia badela eskualdean, gehiegizko txokokeriak alboratuz. Ezin ahaztu, eta askotan oharkabean pasatzen baita, Tolosaldeko komunitatea eraikitzeko garaian Atariak eta 28 Kanalak duten garrantzia.  Eguneroko harremanetatik haratago jendartea eraldatzeko lanean eskualde mailan lan egitea indargarri da eta izango da.

Harro nago nire herriaz, baina baita nire eskualdeaz ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!