Inork gutxik jartzen du zalantzan Kataluniako prozesuaren izaera zibila. Jendarte zibil antolatuak estatuaren itxikeria eta harropuzkeria medio, herritarren artean zegoen ezinegona eta amorrua bideratzen jakin du, modu positibo eta eraikitzaile batean.
Alderdi politikoek eta Kataluniako Gobernuak erantzun egin behar izan diete herritarren eskaerei, eta elkarlanean egin dute orain arteko bidea. Bidearen nolakotasunak ere eragina izan du, bidea, determinazioz, baturik eta indartsu egiteko. Lehenengoa, prozesu izaera, helburua argi izanagatik pausuz pausu joan dira, diadaz diada eta hauteskundez hauteskunde. Bigarrena, legezkotasuna, hauteskunde sinbolikoetatik legezkoetarako bidea berme guztiekin egin dute, aitzakiarik egon ez dadin. Hirugarrena, bide baketsu eta demokratikoak soilik erabiltzea ibilbide guztian. Laugarrena, behar denean desobedientzia zibila praktikan ipintzea modu masibo batean (700dik gora alkatek esaterako). Eta bostgarrena, umorea probokazioen aurrean. Arrazoiari umorea gehituz, parekoa nahiz eta oso indartsua izan arma gabe geratzen baita. Emaitza, herritarren artean guztiz zilegia den eta nazioarteko legeria oinarri harturik legezko bermeak dituen autodeterminazio erreferemduma.
Giroa bero dator hego-ekialdetik, baina Euskal Herrian oraindik ez dugu lortu horrelako prozesu baterako baldintzarik sortzea. Giroa berotu beharko dugu, badugu zer ikasia Kataluniatik. Hasteko, jendarte zibil antolatua da euskal prozesua abiatzeko motor eta berme. Gure esku dago.