Horixe da idaztearen bertute handienetako bat: pentsatzea, hain zuzen ere, idaztea papera eta boligrafoa hartzea baino askoz gauza konplexuagoa, luzeagoa denboran eta eskola askotan eman zaion trataera baino askoz ekintza serioagoa baita, zorionez.
Horrelaxe, etxerako lanen inguruan pentsatzen dudana hobeto argudiatu dezaket gaur, baita ebaluazioaren punturik absurdoenak mahaiaren gainean jarri eta eztabaida luzerako tartea patxadaz hartu ere, eskolari gizarteak jarri dizkion lan aldaketak ere zer pentsa handiak eman dizkit. Baina, nagusiki, eguneroko bizitzan falta izaten dugun gauza garrantzitsu bat eginarazi dit Atarian idazteak: pentsatzeko denbora hartzea, denbora baita ondoezik zailenak konpontzen laguntzen duen erremedio onenetako bat, bai bizitzan, eta baita eskolan ere.
Eta orain, denbora hori beste zerbaitetan aprobetxatzeko garaia iritsi zaidala sentitzen dut, nahikoa biluztu naizenaren sentsazioarekin, lasai esango dizuet gero arte Atariako irakurleoi. Ni pentsatzera iritsi naizen ideiak azaldu dizkizuet, eskolarako filosofia izatearekin batera, askotan behintzat, bizitzarako filosofiarako ideia asko konpartitu nahi izan ditut zuekin. Orain, espero dut, beste norbaitek hartuko du erreleboa, eta nik egindakotik jaso dudanaren erdia jasotzen badu, asko izango da. Beraz, besterik ez. Gero arte eta izan ondo!