Irakurtzea, ondo zaindu beharreko gaitasuna

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Goñi 2016ko maiatzaren 28a

Hauxe idatzi nuen azkenengoan: azken urteetan idaztea edota ahozko zein idatzizko testuen ekoizpena bizitzarako hain oinarrizkoa ez ote zen pentsatzen hasia banengoen ere, hemen idazteari esker ideia horri buelta ematea lortu dut.

Ba, irakurketarekin ez dut inoiz horrelako zalantzarik izan, beharrezkoa iruditu baitzait betidanik, oinarrizkoa gure gizartean bizitzeko. Horregatik, gomendio batzuk apuntatzea gustatuko litzaidake gaur, niri lagun on batek eman dizkidanak, nik ATARIA-ko irakurleokin konpartitu nahi baititut.

Hasteko, irakurtzearen gozamena transmititzeko magia berezirik ez daukadala aitortuko dizuet. Izan ere, munduan gauzarik gehienak bezalaxe, norberak sentitzen dituen emozioak bakoitzarenak dira eta ez dira errazak transmititzen. Baina, kontrako efektuak lortzen dituen magiak badira, ordea. Gutako askok bizitakoa izan daiteke ondorengo adibide hau: behar bada, azkarregi uzten ditugu haurrak bakarrik irakurtzen. Irakurtzea, gauza guztien gainetik, zentzuaren bila joatea da, eta gure irakurmena behar bezala limatu baino lehenago bakardadearen zailtasun eta nekeetan sentitzeak gozamenaren kontrakoa sor lezakeela pentsatzen dut: gorrotoa, edo gutxienez, gogo falta.

Beraz, haurrei zuek irakurtzeko gomendioa egiten dizuet guztioi, eta ez soilik txikienei. Izan ere, bakarrik irakurtzea batzuentzat gozamena da, baina ziurtatzen dizuet, nik ezagutu ditudan ume gehienentzat irakurketa entzutea dela plazer. Beraz, irakurri haurrei liburuak, osorik, kapituluka, orritxo batzuk irakurri ostean biharko utziz … Jarri beraien ondoan, edo beraien aurrean, eta irakurri patxadaz, denbora hartuz. Ziur hori eginez irakurketaz gozatzen lagunduko diozuela. Eta gozamen horrek etorkizunean eurei lagunduko die.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!