Idaztea, ondo zaindu beharreko gaitasuna

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Goñi 2016ko apirilaren 17a

Gaurkoan hilabetean behin egiten dudan zutabe honi esker atera ditudan hainbat ondoriori buruz idaztea pentsatu dut. Izan ere, buruko minik ematen ez didan arren, buru hauste batzuk sortzen dizkidan prozesua izaten da idazte prozesu hau.

Alde batetik, ohartu naiz idazteak hausnarketa lan handia suposatzen duela niretzat, geroz eta handiagoa esango nuke. Ondo pentsatu behar edo nahi izaten dut zein izango den gaia, askotan konplikatuena horixe egiten zaidala esango nuke, zaila baita neure barnetik datorren gaia zuena zenbateraino egin behar dudan erabakitzea, nolabaiteko biluzte prozesu baten moduan, neure barne kezkak azaleratzen ari naizela sentitzen baitut. Behin gaia erabakita, ikuspegia, esan nahi dudanaren tonua, testuaren edertasuna … landu nahi izaten ditut, eta hori ere ahal dudan ondoen egitea gustatzen zait, guztioi bezala, pentsatzen dut. Prozesu horrek guztiak, urduritasuna sentitzera bultzatzen nau batzuetan, beldurtu ere egiten naiz pentsatuko duzuenaz, eta batez ere, kezkak izaten ditut norbait minduko ote dudan nire esanekin.

Honela, ikasleekin ere papera eta boligrafoa (edota ordenagailua eta teklatua) hartu aurretik egin beharko genituzkeen hausnartze prozesuetarako zenbait ondorio interesgarri lortu ahal izan ditut, izan ere, ohartu bainaiz, askotan errazegi eskatu diedala ikasleei idazteko, testugintzan aritzeko, euren sentimenduak azaltzeko, publikoan hitz egiteko... beraz, esperientzia propio hori irabazi ahal izan dut buru hauste horiei esker, hemen idazteari esker. Neure ikasleek ere irabaziko dutela ohartu naiz orain.

Bestalde, azken urteetan idaztea edota ahozko zein idatzizko testuen ekoizpena bizitzarako hain oinarrizkoa ez ote zen pentsatzen hasia banengoen ere, hemen idazteari esker ideia horri buelta ematea lortu dut. Ikusi ahal izan dut idaztea etorkizunean geroz eta garrantzitsuagoa izango dela, testuen ekoizpena, hain zuzen ere. Interneti esker sortzen ari diren erlazionatzeko modu berrietan oinarri-oinarrizkoa izango dela uste dut nik zutabe hauek idatzi aurretik egiten ditudan hausnarketa guzti horiek egitea, bestela, debalde biluziko baikara, eta horretarako prest ez baldin bagaude, larri ibili gaitezke etorkizunean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!