Adi egon beharraz

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Goñi 2016ko mar. 6a, 20:30

Irratian entzun berri dut haurren transexualitatearen gaia, haurrena eta haur ez direnena, noski. Aniztasunaren abanikoa zabalduz doa, zortez, eta horren eragin zuzena da, edo hala beharko luke behintzat, pertsona orok ulertua eta onartua izateko duen eskubidea bermatzea. Pausoak emanez goaz, eta hori argi ikusten dugu, bai medioetan, eta baita gizartearen ulermen eta jakindurian ere, eta zergatik ez esan, baita tabuetan ere.

Eta, nahiz eta abiadura konstanteko pausoak izan ez, aurrera egitea ona da baztertuta egon direnak geure artera ekartzeko, ikusezin bihurtu direnak agerrarazteko eta ikusi nahi izan ez ditugunak diren moduan ikusi behar ditugula onartzeko. Baina, hau guztia gerta dadin, adi egon beharrean gaude, bai gizartean, bai etxean, bai eskoletan …

Eta adi egon beharra ez dut nik bakarrik azpimarratzen, izan ere, irratiko elkarrizketatuetako aditu batek adi egotearen garrantzia azpimarratu du behin eta berriz. Hori dela eta, «aditu» hitzaren esanahia aztertzen aritu naiz Euskaltzaindiaren hiztegian. Eta eman didan erantzunak lagundu dit: aditu, entzutearekin, ulertzearekin eta sumatzearekin lotzen du aipatu hiztegiak. Entzun, ulertu eta sumatu, edota, sumatu, entzun eta ulertu, edota, ulertu, sumatu eta entzun. Berdin dio zein den ordena, hirurek gertatu beharko baitute haur bat bere buruaz ziur, aske eta lasai aditzera eman dadin, eta noski, beste hainbeste baztertuta, ikusezin bihurtuta edo ikusi nahi eza jasan duen heldu baten kasuan ere.

Baina, hasieran esan dudan moduan, zortez aniztasunaren abanikoa zabalduz doa eta horrek gizarteko errealitate guztiekin adi egotera behartuko gaitu, batez ere, giza eskubideen bermea eman behar dugun leku guztietan. Haurrek modu ezberdinetan adierazten dute euren identitatea, beharra edo errealitatearen interpretazioa, orduan eta gazteago izan haurrak, adierazteko modu anitzagoak erabiltzen dituzte. Beraz, guk euren identitatea, beharra edo errealitatearen interpretazioa sumatu, entzun eta ulertu egin beharko dugu, edo, ulertu, sumatu eta entzun, edota … berdin dio ordenak, adi egon beharko dugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!