2016ari, ZER?

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Goñi 2016ko urt. 9a, 19:00

Beste edozein egunen modukoa da abenduaren 31koa. Gaueko 12etan hasten da eta handik 24 ordura amaitu egiten da, Lurrak bere ardatzaren inguruan bira oso bat ematen behar duen denbora, hain zuzen ere.

Baina, gizakiak, beste gauza askorekin egin duen moduan, egun berezi bihurtu du urtearen amaiera markatzen duen eguna. Badirudi, hasiera berri bat eman diezaiokegula bizitzari egun horren ondoren, ordura artekoak albo batera bota eta berriz sortu, berregin. Eta, ohitura da, noski, egun horretan urte berrirako, hasiera berrirako, helburu eta desio berriak jartzea, edo zaharberritzea. Ba, gaur urte hasierako lehen alea dela jakinik, 2016ari eskatzen dizkiodanak idaztea pentsatu dut, hobeto esanda, 2016an eskolarentzako, edo eskolentzako, etortzea, ekartzea gustatuko litzaizkidakeenak.

Hasteko, eskolaren helburuen birplanteamendu bat ekartzeko eskatuko diot 2016ari, eta noski, horri lotuta dago abenduaren 20an hauteskundeak irabazi ez zituzten guztiek agindu ziguten Hezkuntza Lege berria. Hezkuntza Lege iraunkor eta adostu bat behar dugu, baina, ez orain artekoen ildo berdinetik doana, bada ildo nagusia aldatzeko garaia eta: ikasle guztien mesedetarako prestatutako lege bat behar dugu, bakoitzari behar duena ematea ahalbidetuko duena, ikasleek dituzten adierazteko modu guztiek lekua izango dutena, aurrez pentsatutako curriculuma gaur egungoa baino askoz murritzagoa izango duena (aurrez idatzi gabekoentzat ere lekua utziz), ikasleen gabezien bila ibili ordez, daukatena ikustera bultzatuko gaituena, ebaluazioa hobetzeko tresna moduan erabiltzera behartuko gaituena, eta ez batzuk eta besteak saritzeko edo zigortzeko tresna moduan, ikasleek etxean nahikoa lan badutela onartuko duena eta eskolatik etxerako lanak agintzea oztopatuko duena … Eta hari luze honi jarraituz, gauza gehiago idatziko nituzke, baina, horiek dira nagusienak.

Amaitzeko, geroz eta gehiago beldurtzen nauen gai baten inguruko eskaera bat ere egingo diot 2016ari. Azken boladan, badirudi berrikuntza pedagogikoa soilik teknologia berrien eskutik etorriko zaigula, geroz eta interes gehiago daudela dirudi eskolaren digitalizazioaren inguruan. Ba, 2016ari buru argitasuna eskatzen diot, eskolan gabiltzan guztiok izan gaitezen behar bezain buru argiak datorkigun uholde berri honen aurrean irizpide pedagogiko egokiak zehazteko, eta ez gaitzaten hainbeste produktu eta aurrez diseinatutako ikas material eta tresnez merezi duena baino gehiago liluratu.

URTE BERRI ON GUZTIOI!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!