Eskerrak! Aurrekoan, Frantziar Estatuak etxerako lanak bidaltzearen aurka jarri nahi zuen debekua eztabaidaren detonagailu izan zen moduan, oraingoan, interneten jira biran dabilen bideo bat izan da jendearen interesa eta eztabaida lehertarazi duena. Bide batez, esan dezadan, ederra da bideoa, ikustekoa, eta kezkatzekoa ere bai, bertan parte hartzen duten helduek 9-12 urte bitarteko neska edo mutiko baten bizimodua zientzialari edota enpresaburu kargu handidun batenarekin nola konparatzen duten.
Horren harira bi hausnarketa egin nahiko nituzke gaurkoan: bat, gaiari ematen zaion garrantzi eskasaren inguruan, eta bi, gaia lantzerakoan planteatzen ditugun galderen inguruan.
Lehenengo hausnarketa ulertzea erraza da. Zenbaterainoko eragina du honen moduko gai batek familia askoren eguneroko bizimoduan? Nik eragin handia duela esango nuke, pentsa, zenbait umek ordu bete edo bi ordu pasatzen omen dituzte etxerako lanekin ia egunero, eta asteburuetan ere bai. Ba, eragin askoz txikiagoa duten gai askok kentzen diote lekua gai honi, bai telebistan, bai irratian, bai kaleko elkarrizketetan. Konpondu beharreko gaia dela baldin baderitzogu, behar bezala heldu beharko diogu eta konponduta utzi, behingoz.
Bigarren hausnarketa ulertzea ere erraza da: eztabaidari heldu diogu eta betikoa gertatu da, galdera nagusia erantzun gabe, bigarren edo hirugarren mailan egon daitezkeen galderak erantzun nahian hasi gara: Egunero bidali behar al dira etxerako lanak? Zenbat denbora pasa behar dute haurrek etxerako lanak egiten? Zein adinetik aurrera bidali behar dira?… Zein da, ordea, erantzun beharreko lehen galdera? Erraza. Bidali behar al dira eskolatik etxerako lanak?