Gizarte berriarentzat ezbaian dago eskolaren egunerokoa, arlo eta ikuspegi askotatik gainera. Hezkuntza transmisiboaren ibilbide tradizionalarekin jarraitzea erabaki dutenek, etengabe entzun behar izaten dituzte kritikak, kezkak eta zalantzak; ea ez ote duten gizartearen aurrerakuntzekin bat egin behar, ea zentzuduna ote den gaur egungo informazio iturrien aberastasun horren baitan irakaskuntza transmisiboan oinarrituriko eskola ikuspegia bultzatzea, ea benetan umeek dituzten behar emozional, fisiko eta intelektualei erantzuten zaien…
Baina, hezkuntza transmisiboa alboratu eta eskola beste era batera egitea erabaki dutenek ere etenik gabe justifikatu behar izaten dute euren zeregina; ea zer den eskola gizartearen beharretara gaurkotua egotea, ea zer den ikasleen erritmoetara, beharretara, nahietara eta interesetara egokitutako antolakuntza… Baina, guk nahi ala ez nahi, aldaketak etorri egiten dira, berez, guk aparteko ezer egin gabe eta aurre egiteko ausardia beharrezkoa da.
Horrela, ausardia daukaten pertsonek esku artean daukatenari heldu egiten diote, begien aurrean daukatena ikusi egiten dute eta belarrien jiran dabilena entzun. Horregatik, aldaketen aurrean aldaketak bultzatzeko beharra sentitzen dute eta horretan hasten dira konfiantzaz eta ziurtasunez beterik. Pauso bat aurrera egiten dute beti, eta bidea konbentzituta hasi dutenez, gizartetik etortzen diren zalantza eta kezkei erantzuteko prest daude, sinetsita baitaude bultzatu dituzten aldaketek aldaketak sortuko dituztela eskolan eta aldatutako eskola hori eraginkorra izango dela gizartean. Uste dut, bultzatzen ditugun aldaketen eraginkortasuna neurtzen hasteko garaia badela honezkero, izan ere, batzuetan badirudi aldaketak teknologiak, curriculumak, hezkuntza lege berri batek, metodologiak, antolaketak edota bestelako pertsonaz kanpokoek ekarriko dituztela eskolara, baina, hori ez da egia. Aldaketarik esanguratsuenak eta eraginkorrenak pertsonek ekartzen baitituzte, aldatzeko prest dauden pertsona ausartek.