Amaren sabeletik irten eta munduratzea, gurasoen ondoan lo egitera ohitu eta gero bakarrik oheratzea, eskolara lehenengo aldiz joatea, txikien gelatik handienera joatea, Haur Hezkuntza amaitu eta Lehen Hezkuntza hastea, irakasle berri bat ezagutzea, aitarekin edo amarekin gauero ipuin bat irakurtzetik bakarrik irakurtzera, herriko eskola utzi eta hiriko eskolara joatea. Gure gizarte honetan bizitzeak berezkoa duen prozesu ia natural bat izatera iritsi da aldaketena, baina, ez da erraza guzti hori bizitzea.
Horregatik, aldaketari aurre egiteko oinarrizko osagai baten alde egin nahi dut gaurkoan, denboraren alde, hain zuzen ere. «Bakoitzari berea, Jainkoaren legea» esaten da oraindik ere. Ba, aldaketen aurrean ere gauza bera egin behar dugula uste dut, bakoitzari bere denbora eman, presionatu gabe, inor behartu gabe. Aldaketa horri behar bezala aurre egiteko, beste edozerk baino garrantzi gehiago duelakoan nago denborak, bakoitzak behar izango duen tarte hori askatasun osoz uzteak. Horrekin ez dut esan nahi, noski, umeak bere kabuz erabaki behar dituenik bere bizitzan eman daitezkeen aldaketak gauzatu ala ez. Guk, prest dagoela deritzogunean, hori sentiarazi behar diogula uste dut eta bide horretan lagundu, eskua eman, bere ondoan egon, motibatu…
Eskoletan ere, zenbait kasutan, sortzen zaizkigun zailtasun asko eta asko denboraren neurketa objektiboegia egiteagatik gertatzen zaizkigula pentsatzen hasia nago. Dagoeneko badakigu bizitzaren garapenean, pertsona baten gaitasunen garapenean, denborak baino eragin handiagoa duela bizi izandako esperientziak, baina, hala ere, kostatzen ari zaigu bakoitzari behar duen denbora hori eskaintzen, aldaketa momentuan dagoen pertsona bati bultzadatxoa ematen, eskua hartu, bere ondoan jarri eta, besterik gabe, aldaketa prozesuetan laguntzen.