Ziur baditugula egin gabe utzi ditugunak, ziur eginak izan arren gustura geratu ez garen ekintzaren batzuk ere buruaren barrenean bueltaka dabiltzala, baina, horiei buruz pentsatzea antzua izan daiteke. Nik bide baikorrari helduko diot neure pentsamenduetan.
Izan ere, gehiegitan egoten gara okerrari begira: ikasle asko gainditu gabe geratu zaienaren inguruan buruari bueltaka arituko dira, normala da, zerbait ez gainditzeak beste zerbait gainditzea baino hamar aldiz pisu handiagoa izaten baitu sarritan. Guraso asko ere, hamar aldiz pisutsuagoa den horri begira jarri eta euren etxean ikasturtean zehar izan dituzten tarte gozoak gogora ekarri gabe ariko dira buruari bueltak ematen, oker zer egin duten jakin nahian. Irakasle batzuk, berriz, bila ibiliagatik ere aurkitu ez dituzten bideak non galdu ote dituzten pentsatzen ariko dira, aurkitu dituzten bide zidorrak gogora ekartzeko astirik gabe.
Eta, horretarako izan beharko al luke oporraldiak? Oporrak atseden hartzeko dira, bai haurrentzat, bai gurasoentzat eta baita irakasleentzat. Horregatik, garrantzitsua da emankorrak izan diren bideen inguruan pentsatzea, eta antzuak izan direnak bazterrean uztea eta ahaztea. Honek atseden horri lagundu egingo baitio eta hurrengo ikasturteari indar handiagoz heltzen lagunduko baitigu guztioi, guzti guztioi.
Besterik ez, izan ikasle, izan guraso, izan irakasle edo izan irakurle, opor onak izan ditzazuela.