Eskola Txikiak bizirik, herri eta auzo txikiak bizirik!

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Goñi 2015ko eka. 14a, 09:00

Ziur nago herri eta auzo txikietan altxor ugari aurkituko ditugula bila hasiz gero. Txoko polit bat izan daiteke baso baten erdian, itsasora begira jartzeko modukoa den muino bat, erreka ertz batean legokeen leku eder bat… Hauetako batzuk kanpokoek baloratuko dituzte bertakoek baino gehiago. Beste batzuk, berriz, ezkutuan gordetzen ditugu, inori ezer esan gabe, geuretzat bakarrik gorde nahi ditugulako, diren modukoak maite ditugulako, naturak naturalki eragin ditzakeen aldaketak besterik nahi ez ditugulako.

Herririk txikienetan, ordea, altxor berezi bat bada. Guztion artean egiten duguna eta oso geure egin dezakeguna, bigarren etxe moduan senti dezakeguna, gizarteari bizitza ematen diona, eta batez ere, bertan bizi garenok baloratzen jakin behar duguna, maitatu behar duguna: eskola.

Indar berezia du eskolak herri eta auzorik txikienetan. Bereziki, herritarren elkargune nagusienetako izatera iristen delako eta horrekin batera herriaren biziraupena bermatzen laguntzen duelako. Baina, ez hori bakarrik. Herririk txikienetako eskolarik txikienetan belaunaldien arteko loturak indartu egiten dira, gizarte taldeen aniztasuna aberastu egiten da eta herriaren izaera birsortu eta berrasmatu egiten da, tokiko eta momentuko beharretara egokitutako herri berriak eratuz. Urtez urte, hamarkadaz hamarkada…

Hori dela eta, igande honetan Gabirian elkartuko gara Gipuzkoako Eskola Txikien Festan herri eta auzo txikiak bizirik mantentzeko Eskola Txikiak behar ditugula pentsatzen dugunok, bizirik gaudelako eta horrela jarraitu nahi dugulako:

Eskola txikiak,

herri eta auzo

geroaren bila

pausorikan pauso…

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!