Etxerako lanak

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Goñi 2015eko maiatzaren 10a

Etxerako lanei buruz hitz egin nahi dut gaur, solasaldi eta eztabaida ugari sustatzen dituen gaia baita ezbairik gabe. Onena nire postura zintzoki azaltzea dela pentsatzen dut: ez zait egokia iruditzen eskoletatik etxerako lanak bidaltzea. Nire iritzia argumentatzeko arrazoi batzuk emango ditut.

Bat, kalean, eta eskolan bertan ere bai, askotan entzuten den kexu bat bultzatzen dutelako: «Gaurko haurrek ez dakite zer egin beraien denbora librearekin, ez dakite aspertzen». Nola jakingo dute ez badiegu horretarako denborarik uzten? Beren kabuz denbora eta irudimena antolatzeko eta garatzeko tarterik ba al daukate ba? Adibide posible bat jarriko dut: eskolatik irten eta bazkaltzera. Ahal dutenak eguerdian etxera, besteak jangelara. Etxera bazkaltzera joan diren horietako batzuk arratsaldean egin beharreko lanak aurreratzera. Arratsaldean berriro eskolara. Irten eta musikara, edo dantzara, edo pinturara. Eta egunaren amaieran, nekeak jota daudenean, eskolatik etxean egiteko bidalitako lanak egitera. Ez zait egokia iruditzen.

Bi, zailtasunik gehien dituzten ikasleen izenean bidali eta oztoporik handienak beraientzat izaten direlako. Eskolan kostata dabilen haurrak atsedena behar du etxera iristean, lasaitzea eta ondo moldatzen den horretan gustura aritzea askoz aberasgarriagoa izango litzatekeela pentsatzen dut.

Hiru, ia ezinezkoa delako ikasle bakoitzari ondo datorkion etxerako lana bidaltzea: batzuentzat zailegia, besteentzat oso erraza, batek 10 minutu behar izaten ditu, besteak, berriz, ordubete... Askotan esaten da haurrek modu autonomoan eta bakarrik egiteko moduko lanak bidaltzen direla, baina, hala al da benetan? Aztertu al dugu etxe bakoitzeko egoera zein den etxerako lanak egiteko ordua iristen denean? Guraso eta seme alaben arteko erlazio sanoak bultzatzen al dira? Aztertu beharreko gaiak, noski.

Eta lau, haurtzaroko bizipen garrantzitsuenak sorrarazten dituen ekintzetako bat egitea oztopatzen delako: JOLASA.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!